Joko baten bidez Donostiako portua ezagutzeko aukera eskainiko du Euskal Itsas Museoak udan
Euskal Itsas Museoko 'Moilak' aldi baterako erakusketa. (Argazkia: Euskal Itsas Museoa) Udara iritsi da, eta Euskal Itsas Museoak helduentzat eta familientzat zuzendutako aldi baterako erakusketak eta Donostiako portua ezagutzeko hainbat bisita eskainiko ditu.
Alde batetik, museoan ikusgai dagoen Moilak. Tradizioz Berritzaileak erakusketaren bisita gidatua eskainiko du. Erakusketak azken bi mendeetan euskal portuek izan duten eginkizun garrantzitsua biltzen du. Erakusketetara bisitak modu librean eta doan egin ahal izango dira. Hala ere, bisita gidatua egin nahi dutenek aurrez egin beharko dute erreserba eta 2,5 euro ordaindu beharko dira pertsonako. Gainera, familiek erakusketa modu librean bisitatu ahal izango dute, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako doako eskuorri didaktiko baten laguntzarekin.
Bestalde, Museoak, Kofradia Itsas-Etxeak eta Motoras de la Islak-ek Bizi Donostiako portua esperientzia kulturalak eta gastronomikoak eskaintzen jarraituko du. Bisitariek, museoko bitartekaritza kide baten eskutik, hiriko portuaren historia ezagutuko dute, eta Isturitz I arrantzontzia bisitatu ondoren, Kofradia–Itsas Etxean sasoiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute. Bisitak 14,50 euroko prezioa du pertsona bakoitzeko, eta uztailaren 8an eta 22an eta abuztuaren 12an eta 26an izango dira, 10:00etan, Euskal Itsas Museotik hasita.
Honez gain, familiek eta gazteek La Jarana pista jolasaren bidez portuko sekretu ezkutuenak ezagutzeko aukera izango dute. Museoko ordutegian eskuratu daiteke jolasa, eta nahieran egiteko jarduera izango da. Pista jolasaren prezioa 3 eurokoa da familia bakoitzeko.
Erreserbak
Bisita gidatuak museoaren webgunearen bidez edo 943-43 00 51 telefonora deituta erreserbatu behar dira. Bisita libreak aldez aurreko erreserbarik gabe egin daitezke, udako ordutegi honetan: asteartetik-larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00. Igandeak eta jai egunak: 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.

