BioTech Foods-en jabea den JBS enpresaren atzean dagoena: Amazoniaren suntsiketa eta ustelkeria
Brasilgo JBS multinazionala dago BioTech Foods enpresa donostiarraren atzean. Eskandaluz inguratuta dago munduko haragi enpresa erraldoiena dena: ustelkeria eta Amazoniaren suntsiketa, besteak beste.
EHNE sindikatuak jakinarazi zuen bere aldizkarian: JBS enpresa dago Donostiako BioTech Foods enpresaren atzean. 2021eko irailean bihurtu zen enpresaren akziodun nagusi, 90 milioi euroren truke Cinco Dias hedabide espezializatuaren arabera, 36 milioiko inbertsioa egingo zuela sinatuta. Operazioan, enpresaren kudeaketa Donostian geratuko zela adostu zen, Iñigo Charola eta Mercedes Vila sortzaileen agindupean.
Brasilgo JBS enpresa munduko haragi enpresa handiena da, abeltzaintza industrialaz gain, elikagai prozesamendua lantzen du. BioTech Foodsen erosketa, multinazionalaren «dibertsifikazio estrategian» oinarritzen da; hain zuzen, haragiaz gain, oinarri begetala duten jakiak eta haragi sintetikoaren merkatuak bereganatu nahi dituelako. BioTech Foodsen erosketaz gain, urte berean erosi zuen Europako Vivera enpresa –haragien ordezkoak egiten dituena– 341 milioi euroan. Europako haragi enpresa handienetako bat den Kerry Group Irlandarra erosi zuen baita ere 2021ean, 792 milioi euroan.
Amazoniaren suntsiketa eta ustelkeria
EHNEk ohartarazi zuen lehenik, eta Argia eta El Salto hedabideek zabaldu zuten gerora, JBS ezaguna dela Amazoniaren suntsiketa dela eta, baita ustelkeria kasuengatik ere.
2017an, JBSk munduko isunik handiena jaso zuen, 3.160 milioi dolar, 28 alderditako 1.829 politikari brasildarren erosketan egindako lanagatik, garai hartako presidente Michel Temerri lotutako ustelkeria sarean.
Hiru urte geroago, 2020an, enpresa brasildarrak erruduntzat jo zuen bere burua New Yorkeko gorte baten aurrean, Brasilgo funtzionarioei hamarkada batez baino gehiagoz eroskeriak ordaintzeko New Yorkeko bankuak erabiltzeagatik, milioiak gastatuz.
Amazoniaren suntsiketari lotuta, hainbat ikerketen arabera, 2019ko uztaila eta iraila bitartean izandako 554.000 sute alertetatik 376.000 inguru ( %70) haragi enpresek ustiatutako eremuetan gertatu ziren. Horien artean kokatzen da JBS erraldoia.
Carrefourrek, Frantziako supermerkatu kate erraldoiak, JBSko bi hiltegitako behi haragiaren hornidura eten zuen joan den irailean. Amazoniako deforestazioarekin enpresak duen harremana eta herri indigenei lurrak lapurtu izana salatu dute hainbat erakundek –tartean, Greenpeace, Amnesty International eta Mighty Earth–. Bereziki, Brasilgo Rondonia estatuan, Uru-Eu-Wau-Wau herri indiginen lurretan hainbat behi etxalde ilegal dituztela salatu dute.
Laborategiko haragien enpresek ingurumenean duten ardura saltzen dute, eredu jasangarriagoa sustatzen dutelakoan –abeltzaintza industrialaren aurrean, kasu–. Zaila da sinistea, ordea, arazoa sortu duten berberek ekarriko dutela soluzioa.