Laugarren maillot horiaren zain
Frantziako Tourra Donostiara itzuliko da etzi, 31 urte luzeren ondoren. Bigarren etapa Gasteizen abiatuko da, eta 208,9 kilometro egin ondoren, Zurriola hiribidean izango dute helmuga txirrindulariek. Etapa bukatzean argituko da zeinek jantziko duen liderraren elastikoa.
Alex Zuelle suitzarra da Frantziako Tourraren maillot horia Donostian jantzi duen orain arteko azken ziklista. 31 urte beranduago, elastiko horidun beste ziklista batek zeharkatuko ditu bihar hiriko kaleak, eta lidergoari eusten badio, bera izango da Zuelleren oinordekoa. Donostiako laugarren maillot horia izango da.
1992ko Frantziako Tourra ahaztezina izan zen Donostiarentzat. Uztailaren 4an hasi zen, eta hiru egunez garaiko txirrindulari ezagunenak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten donostiarrek. Erlojuaren kontrako aitzin etapa Miguel Indurain nafarrak irabazi zuen, eta hark jantzi zuen maillot horia. Zuelle gazteari bi segundo atera zizkion aitzin etapa hartan. Biharamunean, ordea, suitzarrak lidergoa kendu zion Induraini, Donostian hasi eta bukatu zen lehen etapan. Zurriola hiribidean bukatu zen, eta Dominique Arnould frantziarrak altxatu zituen besoak helmugan, tropelari aurrea hartuta.
Zuellek horrela gogoratu du urte hartako lorpena Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean: «Oroitzapen ederra daukat Donostian hasitako Tour hartaz. Aitzin etapan Indurainen atzetik geratu nintzen, baina lehen etapan gainsariak eskuratu eta maillot horia jantzi nuen. Uztailaren 5ean izan zen, nire urtebetetze egunean. Soilik egun batez jantzi nuen, presioarengatik eta urduritasunarengatik galdu nuelako bigarren etapan».
Lehen maillot horia
Donostiako lehen maillot horia ez da Miguel Indurainek eta Alex Zuellek jantzi zutena. Denboran nabarmen egin behar da atzera. 1949an iritsi zen Frantziako Tourra estreinakoz Donostiara, eta Jaques Marinelli frantziarrak zeraman soinean. Egun bat beranduago galdu zuen elastikoa, baina hirugarren bukatu zuen urte hartako Tourra bi ziklista handiren atzetik: Fausto Coppi eta Gino Bartali.