Donostia Arraun Lagunakek ligako lehenengo bandera irabazi du
Donostiarra hirugarren sailkatu zen emakumezkoetan, eta Donostiarrako mutilek ez zuten estropada erraza izan.
Andrea Astudillo Donostia Arraun Lagunakeko patroia Coruñako bandera astintzen. (Argazkia: Euskotren liga) Abiatu dira Euskotren eta Eusko Label ligak, baina eguraldi txarrak erabat baldintzatuta. Coruñan (Galizia) jardunaldi bikoitza ziren jokatzekoak, baina soilik atzokoan aritu ahal izan ziren arraunean. Larunbatekoa bertan behera utzi behar izan zuten, itsasoaren egoera arriskutsuagatik eta hondartzatik itsasoratzeko arazoengatik.
Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunakek astindu zuen bandera atzo, estropada hasieratik amaierara bitarte kontrolatu ondoren. Donostiarra, berriz, hirugarren sailkatu zen. Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra lehen txandan lehiatu ziren Tolosaldearekin eta Tiranekin batera. Bigarren kaletik ateratzeak mesede egin zion Arraun Lagunaki estropadaren hiru laurden kontrolpean edukitzeko, eta azken luzean, bai Tolosaldeak eta baita Donostiarrak ere denbora murriztea lortu zuten. Helmugan 11:58ko denbora egin zuten, Tolosaldeari hiru segundo aterata, eta Donostiarrari bost, hurrenez hurren.

Donostia Arraun Lagunakeko neskak Coruñako bandera irabazi ostean. (Argazkia: Donostia Arraun Lagunak)
Emaitza hauen ondoren, lehia parekatua izatea espero da lehenengo jardunaldi hauetan, Orio, Tolosaldea eta Donostiako bi traineruen artean. “Negu guztian isil-isilik egin dugu lana, psikologikoki zaila izan da trainerua uretara ateratzea, eta taldea nahiko motz daukagu. Baina, marinelen ekipoa daukagu”, adierazi zuen EITBko kameren aurrean Xubane Uribarrena Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak.
Gizonezkoetan, goiza aurrera joan ahala, itsasoa petralagoa zegoen, haizeak gora egin zuen, eta horrek arraunlarien lana gogortu zuen. Donostiarra hirugarren txandan lehiatu zen, Urdaibairekin, Caborekin eta Santurtzirekin batera. Txandan emaitza ona lortzekoa zen, baina azken ziabogan olatuengatik traineruak bira emateko arazoak izan zituen, eta Urdaibai aurretik jarri zen. Helmugan 22:16ko denbora egin zuen, bere txandako irabazlearekiko hamar segundora, eta bandera irabazi zuen Zierbenarengandik 31 segundora. Donostiarrak ligako lehenengo zazpi puntuak eskuratu zituen, eta ohorezko txandan egoteko helburua lortzeko lana egin beharko dute hurrengo jardunaldietan.
KAE 2 ligan, Donostiarraren bigarren taldeak zazpigarren egin zuen Pasaiako estropadan. Bandera irabazi zuen Orio bigarren taldeak 53 segundo atera zien Donostiarrei. Hurrengo larunbatean, Euskolabel, Euskotren eta KAE 2 ligetako estropadak Donostian jokatuko dira.
