Tourra gertutik bizitzeko aukera izan dute
Donostian bukaturiko etapa bertatik bertara bizitzeko aukera izan zuten atzo Donostialdea Bizikletaneko zortzi haurrek.
Txirrindularitza eskolen etorkizuna harrobietan dago. Horiek elikatzeko eta sustatzeko ziklismoa gustuko duten neska-mutilak erakartzea ezinbestekoa da. Horretan dihardu lanean Donostialdea Bizikletan txirrindularitza eskolak. Atzokoa egun berezia izan zen haientzat, eta, batez ere, eskolako zortzi haurrentzat. Frantziako Tourra gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, Donostian bukatu zelako bigarren etapa.
Zurriolako hiribideko helmugan eta inguruetan ibili ziren Donostialdea Bizikletaneko haurrak, eta esperientzia ahaztezina izan zen. Horietako hiru haurren testigantzak lortu ditu hedabide honek, bizi izan zutenaren erakusgarri.
Manex Barace Tadej Pogacar UAE taldeko liderra animatzera hurbildu zen, haren “txirrindulari gustukoena” delako. Pogacar hirugarren sailkatu zen atzoko etapan. Nerea Aierbek, berriz, Fabio Jakobsen esprinterra animatu zuen atzo. Ez zen harentzako etapa aproposena, baina berdin oihukatu zituen haren izen abizenak. Etaparen lehian ibili zirenak Wout Van Aert eta Pello Bilbao izan ziren, eta bi ziklista horiek dira Peio Apezetxearen estimatuenak: “Van Aert da gehien gustatzen zaidan txirrindularia, baina Van Aert eta Bilbao animatzera etorri naiz”. Bigarren sailkatu zen atzokoan Van Aert, eta Bilbao bosgarren.
Txirrindularitzan jarraitzeko gogotsu daude hiruak. Gehien gustatzen zaidana paisaiak ikustea. Era berean, lagunak erraz egiten dituzun kirol oso polita da”, dio Baracek. “Taldean ibiltzea eta leku berriak ezagutzea” gustatzen zaio Aierberi. “Esprintak dira txirrindularitzatik gehien gustatzen zaizkidanak”, adierazi du Apezetxeak. Hiruak gustura dabiltza Donostialdea Bizikletan txirrindulari eskolan, eta jarraitzeko asmoa dute.