Eneko Goiak 91.849 euro irabaziko du urtean, Pedro Sanchezek baino gehiago
Donostiako Udaleko zinegotzien soldatak ez dira izoztuko, ez eta haien aholkularienak ere. Gutxi ez balitz, handitu egingo da aholkularien kopurura 24tik 27ra, legeak baimentzen duen toperaino. Elkarrekin Podemosek egin du soldatak izozteko eskaera, baina gainontzeko alderdiek ezezko botoa eman dute, EH Bilduk izan ezik, abstentzioa izan da bere hautua.
Gauzak horrela, Eneko Goia alkateak 91.849 euro gordin kobratuko ditu –Espainiako presidente Pedro Sanchezek baino gehiago, bere soldata 90.010 eurokoa baita– eta bost talde politikoetako ordezkariek eta bozeramaileek 75.440 euro. Dedikazio esklusiboa duten zinegotziek 58.006 euro kobratuko dituzte – baita osoko bilkuretara eta komisioetara joateagatiko dietak ere– eta gainerakoek, berriz, gutxiago.
Aholkulari kopuruak igotzeari dagokionean, Elkarrekin Podemosena izan da ardura. Joan den hauteskundeetan bi zinegotzi baino ez zituen lortu –aurrekoan baino bat gutxiago–, eta, beraz, zegokion bi aholkularietako bat galtzeko zorian zen. Beren lana “ondo garatu ahal izateko”, bi aholkulariak mantentzeko eskatu du alderdiak, eta gainerako alderdiek onartu egin dute, bakoitzak bana irabaztearen truke.