Lagun liburu denda historikoa itxiko dute
Sortu eta 55 urtera, Erdialdean dagoen Lagun liburu dendak bere ateak itxiko ditu, behin betiko. 1968. urtean sortu zen, Parte Zaharreko Plaza Berrian, eta ezaguna da, besteak beste, frankismoan zentsura jasan zuelako, eta 1990eko hamarkadaren amaieran, kale borrokako hainbat ekintza egin zizkiotelako egoitzari.
Maria Teresa Castellsen (1935-2017) ekimenez ireki zuten Lagun liburu denda. Honela kontatu zuen Ignacio Latierrok (Parte Zaharra, 1943) hedabide honetan bertan, 2018an : “Irakurle sutsua zen Maria Teresa eta lanbide horixe zuen gogoko. Ni bere familiaren laguna nintzen, eta nirekin kontatu zuen dendarako. Gazteak ginen eta energia handia genuen”. Garai hartan Latierrok 25 urte zituen, eta gogoko zuen hartan lan egitea luxu bat zela kontatu zuen: “Aldaketen garaia izan zen, liburu dendek lagundu nahi zuten kultura demokratikoaren bultzadan, eta hor ginen gu”
Hain zuzen, liburu denda sinbolo bilakatu da garai ezberdinetan, indarkeria politikoa sufritu zuelako. 1990eko amaieran jazotakoa salatu zuen Castellsek berak El Pais-en, eta, “hogeitik gora” eraso izan zituztela salatu zuen. Latierrok honela gogoratu zuen hedabide honetan egindako elkarrizketan: “Lehenengo sufritu genuen eskuin muturrekoen erasoa; bonba bat jarri ziguten. Gero, urteetan, ETAren munduaren jazarpena jasan genuen. Gogorrena 1996an izan zen, erakusleihoetako kristalak hautsi eta barrualde guztia pinturaz zikindu ziguten, eta hortik gutxira, liburu pila bat erre zizkiguten. 2000. urtean Jose Ramon Rekalde hiltzen saiatu ziren, Teresaren gizona. Momentu ikaragarriak izan ziren, eta denda lekuz aldatzea erabaki genuen”.
Jazarpenaren hasiera honela kontatu zuen Latierrok, liburu dendari buruzko dokumental batean: “1983an, bonba batek eztanda egin zion ETAko mutiko bati, eta hil egin zen. Haren kuadrilla etorri zen, denda itxi genezan eta greba egin genezan eskatuz. Ezetz esan genuen eta denda pintatzen hasi ziren. Komandoaren buru zirudienak esan zigun: ‘Hori egunez gertatzen zaizue, gauean ikusiko dugu zer gertatzen zaizuen”.
Uda ostean itxiko dute denda Castellesen alabak eta Latierroren alabak, beraiek baitira, sortzaileek erretiroa hartuta, dendaren jarraitu zutenak. Latierrok argi zuen liburu denden etorkizuna, orokorrean, ez zela batere erraza izango: “Erabat sinistua nago papereko liburuek biziraungo dutela. Kulturalki kontsumoa aldatzen ari da, eta liburu denden arriskua mundu digitalagatik baino gehiago dator salmenta gune handiengandik, edo Internet bidezko erosketengatik. Etorkizuna konplexua izango da”.