Mugimendu feminista «nazkatuta» dago urteko laugarren erailketa matxistarekin
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea egin du Donostian, azken erailketa matxista gaitzesteko. Euskal Herria “sutan” dagoela adierazi dute, azken zortzi asteetan lau emakume erail dituztelako Euskal Herrian. Iruñeko Ermitagaiña auzoan bizi zen Zhen, bere lau seme-alabekin, eta haren senide eta lagunei samina eta elkartasuna adierazi die mugimendu feministak.
Elkarretaratzean “nazkatuta” daudela adierazi dute: “Gizartearen antolaketa patriarkalak uneoro indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen du, bai erakundeetan, bai kalean eta baita ingurune hurbilenean ere. Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu gure egunerokoan”.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dutela adierazi diote: “Ozen diogu feminismoaren bidea gizartea errotik aldatuko duen bidea dela. Eskuina aurrera egiten ari den garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika feministak aldarrikatzea, bai erakundetik, bai herri mugimendutik, lortutako guztiari balioa ematea eta atzerapausorik ez onartzea”.