Anoeta Realari saltzea eta bi komisaria berri irekitzea aurreikusten du gobernu akordioak
Ekialdeko Barrutian eta Egian ireki nahi dituzte komisariak. Bestalde, "tasa turistikoa ezartzeko asmoa" dutela diote EAJk eta PSE-EEk akordioan.
EAJk eta PSE-EEk asteartean aurkeztu zuten 2023-2027 legealdian elkarrekin gobernatzeko akordioa, bost zutabetan oinarritzen dena, Eneko Goia alkateak azaldu zuenez: “Donostiarrak eta gure auzoak izatea gure ekintza politikoaren ardatz; kalitatezko enpleguak sortzea, gizarte kohesiorako tresna izateko; etxebizitza politika berritzaileen bidez gaztetutako hiri batean bizitzea eta gozatzea; elkarrizketan eta herritarren konplizitatean oinarrituta lan egitea, hiri partekatu baten alde eta gure hiriaren etorkizun jasangarria eraikitzea”.
Gobernu programa egiteko lanetan dabiltza orain, baina akordioak zenbait neurri zehatz jasotzen ditu, besteak beste, hirian komisaria gehiago irekitzea. Zehazki, bi gehiago: Udaltzaingoaren komisaria bat Ekialdeko Barrutian (Altzak, Bidebietak eta Intxaurrondok osatzen dute barrutia) eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren komisaria misto bat Egian. Hauteskunde kanpainan iragarri zuen Goiak asmo hori zuela udalak, Donostia “hiri segurua” dela nabarmendu bazuen ere. Hau da, Donostia segurua da, baina komisaria gehiago behar dituela uste du udalak.
Akordioak jasotzen duen beste neurri nabarmen bat Anoeta estadioa Realari saltzea da. Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak hauteskunde kanpainan proposatu zuen neurri hori, eta gobernu akordioan sartzea lortu du. Dokumentuak dioenez, “ezinbestekoa” da legealdi honetan “Anoetako kirol hiriko ekipamenduak berritzea eta Illunbe egokitzea, Donostiak lehen mailako kirol, kultur eta arte ekitaldiak hartzeko izan behar duen erabilera anitzeko pabiloi izateko Illunbekoa”. Hori finantzatzeko saldu nahi diote Anoeta klub txuri-urdinari: “Finantzaketa lortzeko, erakunde arteko konpromisoa izatearen alde egiten dugu –eskumena duten erakundeak inplikatuko dituen konpromisoa–, baita Realarekin futbol zelaiari buruzko akordio bat adostearen alde ere, hortik lor litezkeen baliabide ekonomikoak Anoetako kirol hiri osoa hobetzera bideratzeko”.
Bestalde, akordioan gogorarazi dute aurreikusita dagoela hurrengo hamar urteetan 6.000 etxebizitza inguru eraikitzea Donostian, eta Loiolako kuartelen eremuko hirigintza garapena izango da proiektu nagusienetako bat.
Tasa turistikoa eta Bidebietako kultur etxea
Beste hainbat neurri jasotzen ditu akordioak, besteak beste, “tasa turistikoa ezartzeko borondatea”: “Turismoa jasangarria, orekatua eta erantzunkidea izan dadin”. Ildo horretatik, turismotik harago doan eredu baten alde egingo dutela diote azken bi legealdietan gobernatu duten alderdiek: “Berrikuntzarekin, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako jarduera ekonomikoak erakarriko ditugu; eta ekonomia indartsu eta ekintzailearen aldeko apustua egingo dugu, aberastasuna, enplegua eta gizarte kohesioa sortuko dituena hiriko auzo guztietan”.
Hedabide honek hauteskundeen atarian argitaratutako erreportaje batean azaleratu zen moduan, hiriko auzo guztietan askotariko aldarrikapenak daude, eta horietako batzuk jaso dituzte akordioan. Hain zuzen ere, Bidebietan urteak daramatzate kultur etxe bat behar dutela aldarrikatzen, eta auzo horretan “zentro zibiko kultural berri bat” irekitzea aurreikusten du dokumentuak. Era berean, Amara Berriko Gobernu Zibila kultur ekipamendu bihurtzea ere aurreikusten du akordioak, “Espainiako Gobernuarekin negoziatuta”, auzotarrek urte luzez eskatu duten moduan. Akordioaren dokumentu osoa hemen irakur dezakezue.