Manteon horma irudi bat margotzen hasi da Uliako Auzo Elkartea
Donostiako Udal Gobernuarekin duten harreman eta komunikazio falta salatzeko, Uliako Auzo Elkartea horma irudi bat margotzen hasi da Okendo Aldeko berdegunean. Horretarako, Manteo ikastetxeko pareta batzuk zuritu, eta berdegunea bera babestea aldarrikatzeko leloa margotuko dute: Zemoria eta Manteo, denon parkeak.
“Elkarte gisa, herritarren parte hartzearen eta elkarrekin konponbideen bilaketaren garrantzian sinesten dugu. Horregatik, parke hauek hobetzeko eta bizilagunen arteko elkarbizitza sustatzeko gure konpromisoa islatuko zuen egitasmo bat egitea erabaki dugu”, azaldu dute.
Esan moduan, ikastetxeko horma batzuk zuritu dituzte, “grafitiz beteta zeudenak”. “Egitasmo honek ingurumena edertzeaz gain, gure espazio publikoak zaintzeko batasun eta konpromiso mezua helarazi nahi du”, nabarmendu dute.
Auzo elkartearen helburua da alderdi guztiekin, udal gobernuarekin, Basque Culinary Centerrekin eta garrantzitsuak diren beste eragile batzuekin, “elkarrizketarako eta lankidetzarako” duten borondatea adieraztea. “Guztiontzat onuragarriak diren eta ingurumena errespetatzen duen garapen iraunkorra sustatzen duten irtenbideak bilatzen ditugu”.