Atotxako geltoki berria eraikitzeko hondeaketa lanak hasi dituzte

AHTaren Donostiako geltoki bihurtuko da orain arte Norteko edo Atotxako geltoki gisa ezagutzen zena. Eusko Jaurlaritzak 2020ko apirilean adjudikatu zituen lanak 80,4 milioi euroren truke, eta urte bereko udan hasi zuten obra. Euskal Trenbide Sareak (ETS) obren jarraipenaren inguruko hiruhileko txostena argitaratu du, eta horren arabera, Atotxako geltoki berriaren lanak “erritmo onean” doaz. Horrela ere, adjudikaturiko prezioa igo egin da –83,2 milioi eurora–, lanek hamaika hilabeteko atzerapena pilatu dutelako.
Une honetan, behin betiko geltoki berriaren hondeaketa lanak abiatu dituztela jakinarazi du ETSk: “Hasiera eman zaio behin betiko geltokiaren eraikuntza eremuaren atariaren hondeaketa faseari, eta, aldi berean, beste zimendu elementu batzuk, piloteak eta larrialdiko galeriak eraiki dira etorkizuneko nasetako iparraldeko eta hegoaldeko muturretan”.
Ekainaren bukaeran bi trenbide orokor berriak aldi berean hasi ziren martxan, aurreko faseetan lan horiek egitea ahalbidetu duen trenbide bakarreko tartea kenduz. “Trenbide instalazioak ere egokitu egin dira fase berri horretarako, eta horietako gehienak behin betiko xedapenean daude”, azaldu du ETSk. Era berean, ekaina bukaeran Asturiasera eraman zuten Norteko geltokiaren markesina, leku berean berriz instalatu aurretik birgaitu dezaten. Markesina otsaila eta martxoa artean desmuntatu zuten, bidaiarien eraikina eraitsi aurretik.
Atotxako geltoki berriaren lanak 2024ko urtarrilerako bukatzea aurreikusi zuen ETSk, baina pilaturiko atzerapenengatik, orain, 2024ko abendurako amaitzea espero dute.