ELAk salatu du 6:15ean esnatzen dituztela adinekoak Egiako La Paz egoitzan

Donostiako Egia auzoan dagoen La Paz adinekoen egoitzan “gertakari tamalgarri bat” bizi dutela salatu du ELA sindikatuak. Izan ere, gaueko txandako langileak goizeko 6:15ean hasten dira egoiliarrak garbitzen, beste egoitzetan ohikoena 8:00etan bada ere.
Ordutegi horrek hainbat arazo sortzen ditu, bai arretari dagokionez, bai plantillaren lan kargari dagokionez, salatu dutenez: “Alde batetik, oraindik lo dauden adinekoekin hasten dira garbiketa lan horiek egiten, eta asko jaiki egiten dira, gosaria 9:00etan bada ere. Denak ez dira ohera itzultzen, eta horrek esan nahi du pertsona askok arreta behar dutela edo ez dutela behar bezala atseden hartzen, egunean zehar haien egoeran eraginez”.
Salatu dutenez, bestalde, bere patologiengatik une horretan beste arrazoiren batengatik (ondoeza, erorketa, behar higienikoak…) zainketak behar dituen egoiliarren bat egonez gero, ezin zaio arreta behar bezala eman, langileek ezin dutelako garbitze lanak egin eta aldi berean gainerako eskaerei erantzun.
ELAk jakinarazi duenez, zentroko langileek euren “haserrea” azaldu diete zerbitzua kudeatzen duen Mondragon taldeko GSR kooperatibari. Itxuraz, zuzendaritzak ez du jaramonik egiten, eta horren berri eman zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari.