Hogei urtez kaiko Karmengo jaiak antolatzen
Jonpa Albisuren omenezko buruhandia sortzearen aldeko kanpaina jarri zuten martxan Parte Zaharreko hainbat bizilagunek. Donostia osoko herri mugimenduetan oso ezaguna zen Albisu, eta 2019an zendu zen. Buruhandia Karmengo jaietan aurkeztuko dute.
Lorena Beramendi eta Asier Gurrea, kaiko jai batzordeko kideak. (Argazkia: Gorka Correyero) Egitarau berezia antolatu dute kaiko Karmengo jaietarako. Datorren ostegunetik igandera, hilaren 13tik 16ra, kaia eta Parte Zaharra jai giroan murgilduta egongo dira. 2023a urte berezia da jai batzordearentzat, jaiek hogei urte betetzen baitituzte.
Betiko egitura bera jarraitzea nahi dute, betiko ohiturak galdu ez daitezen. “Ez diogu gehiegizko garrantzia eman nahi izan 20. urteurrenari”, adierazi du Asier Gurreak, jai batzordeko kideak. Hala ere, hogei urteak ospatzeko txupinazoa jai batzordekoek botako dute, eta “nolabaiteko berezitasunak egongo dira, bonbo gehiegirik eman gabe”, gehitu du Gurreak. Merchandisingari dagokionez, gauza bereziak egingo dituzte, lehengo urteko arrakasta kontuan hartuta.
Lorena Beramendi jai batzordeko kideak azaldu duenez, photocall bat egingo dute Polaroid kamera batekin, 20. urteurrena ospatzeko, eta jaietan zehar kaian kokatuta egongo da. Photocall-era adin guztietako jendea gerturatzea nahi dute, eta photocall-ak jaietan arrakasta izatea espero dute.
Aste baten faltan, auzoa gogotsu dago, hurrengo asteburua noiz helduko zain. Lehengo urtean orain arteko diru bilketa handiena egin zuten auzoko tabernetan eta dendetan, bakoitzari 20 euro eskatuz. Aurten, hasi dira ja festa giroa sumatzen auzokideen artean: “Haurrak eta gazteak laguntzeko prest daude, eta egunero zertan lagundu dezaketen galdetzen digute”, esan du Gurreak.
Jai batzordeak oso ondo kudeatu du jaiak antolatzeko denbora, azaldu dutenez: “Antolakuntzari eta azpiegiturei dagokionez, inoiz baino denbora gehiago izan dugu sobran”, dio Gurreak.
Lantalde feministak puntu morea jarriko du, eta brigadistak egongo dira gau guztietan. Hala ere, Emagin elkartearen “laguntza eskasa” izan dutela jakinarazi dute: “Soilik sei orduko zerbitzua eskaini digute lau eguneko festetarako. Gutxi da, eta larunbata egun indartsuena denez, Emagin elkarteak egun horretan lagunduko du”, esan du Beramendik. Larunbat gauean, ekitaldi feminista egingo dute, kontzertuen artean, 23:45ean.
Larunbateko egitarauarekin jarraituz, lehengo urtean berreskuratu zituzten joaldunak kalera aterako dira berriz ere. “Prest gaude auzoan kristoren soinua ateratzeko”, adierazi dute, eta jendearen erantzuna ona izatea espero dute. “Pentsatzen ari gara larunbatean ateratzea, Karmen egunean, baina oraindik ere adosteko dago”, azaldu du Gurreak.
Bukatzeko, kamiseta zuria eta mahoizko galtzak edo gona urdina eramateko deia egin dute, “jaiak apaintzeaz gain, ohiturak mantendu daitezen”. Hala ere, merchandising postuan aukera izango da gauza horiek erosteko.
Jonpa buruhandia estreinakoz
Buruhandien eta erraldoien konpartsa eraberritzeko asmoz, Jonparen buruhandia egiteko diru bilketa hasi zuten aurreko urteko jaietan.
“Dirua lortu dugu, egin dugu buruhandia eta txupinazora igoko da jai batzordekoekin batera”, esan du Beramendik. Ez dute buruhandia ofizialki aurkeztuko, baina “aipamen xume bat” egingo dute, eta ostegunean gainerako buruhandiekin eta erraldoiekin batera aterako da.


