Illunbetik Erdialdera joateko doako autobusa abian jarriko dute
Illunbeko doako autobusa. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak bihar jarriko du martxan Illunbeko doako autobusaren udako zerbitzua. Hain zuzen ere, Illunbeko aparkalekua eta Erdialdea lotzen ditu autobusak. Hiriko garraio publikoa sustatzea eta zirkulazioa murriztea du helburu. Azken urteotan, zerbitzua urteko bi alditan eskaini da, Gabonetan eta udan, eta zerbitzuari harrera ona egin diote herritarrek.
Zerbitzua egunero eta 20 minutuero eskainiko dute, uztailaren 8tik irailaren 10era bitarte. Bi geltoki izango ditu; Illunbekoa –irteerak 11:00etatik 22:20era izango dira– eta Mendeurreneko plazakoa –irteerak 11:10etik 22:30era izango dira–.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “zerbitzu honek helburu argia du: Donostiara datozen bisitariei, autoa uzteko aparkaleku erosoa eskaintzea, hirigunean auto pribatu gutxiago sar daitezen eta Donostiako kaleetan trafikoa murriztu dadin”.
Yarzak hurrengoa gaineratu du: “Zerbitzu honen erabiltzaile kopurua urtetik urtera handituz doa. Iazko udan esaterako 24.000 erabiltzaile izan zituen. Ondorioz aurten ere zerbitzua eskaintzea erabaki du Donostiako Udalak, Dbusen laguntzarekin”. Zerbitzu hau Dbusek eta udalak sustatzen dute, Mugikortasun Sailaren bitartez.


