Kontxako Badia dute zain
Bihar eta etzi, Euskolabel eta Euskotren ligetako estropadak jokatuko dira. Bihar, Donostian ariko dira arraunean, eta, etzi, Zierbenan.
XV Fabrika bandera aurkeztu zuten Fabrikako egoitzan, atzo. (Argazkia: TKE) Biharkoa berezia izango da Donostiako hiru traineruentzat, etxeko bandera baita. Donostia Arraun Lagunakek pasa den asteburuan lortutako garaipenari jarraipena eman nahi dio, Kontxako Badian izango den XV. Fabrika bandera lortuz. Mutiletan, Donostiarra Coruñako (Galizia) emaitzei buelta emateko gogoekin itsasoratuko da larunbat arratsaldean, ohorezko txandaren bila.
Duela astebete, arraun denboraldiak hasiera gazi-gozoa izan zuen Galiziako uretan, itsasoaren egoeratik jardunaldi bikoitza egun bakarrera murriztu behar izan zuten. Arraunlariek ezin izan zuten denboraldiaurrean landutakoa estropadan islatu. Asteburu honetarako iragarrita dagoen eguraldia ikusita, Euskal Herrian izango diren lehenengo bi banderetan ez dira bestelako arazorik aurreikusten.
Biharko estropadan, 17:30ean ariko dira emakumezkoak eta 18:20ean gizonezkoak. Euskotren ligako estropadari dagokionez, Arraun Lagunaken, Tolosaldearen, Donostiarraren eta Orioren arteko lehia parekatua egotea espero da, aurreko igandekoa ikusita. Mutiletan, berriz, Donostiarrak bere txandan bigarren postua lortuta ere, ezin izan zuen estropada lehenengo lauren artean bukatu. Hortaz, bihar Urdaibairekin, Ondarroarekin eta Lekittarrarekin lehiatuko da, bigarren txandan.
Igandean, Zierbenako uretan XL. Petronor Bandera izango dute jokoan. Estropada ez da itsaso zabalean izango, portuan baizik. Horrek, Donostian izango dituzten itsaso baldintzekin aldaketak egotea suposatuko du, eta larunbatean egon daitezkeen diferentziekin konparatuz, aldeak murritzagoak izan daitezke.
Donostiarra B ere etxean
KAE 2 ligako estropada jokatuko da bihar, 11:00etan. Donostiarra B ez dabil oso fin lehenengo jardunaldietan, eta hirugarren honetan, XIII. Kirol Txartela banderan, emaitzak hobetzen eta lehenengo lau sailkatuen artean egoten saiatuko dira. Lehenengo txandan izango dira San Juaneko bigarren taldearekin eta Mutrikurekin batera. Gaur egun sailkapeneko bosgarren tokian sailkatuta daude.


