Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren lehen zazpi filmak aurkeztu dituzte
Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martin Rejtman zinemagileek beren film berriak aurkeztuko dituzte.
Raven Jacksonen 'All Dirt Roads Taste of Salt' filmaren fotograma bat. Zinemaldiko Sail Ofizialean egongo da aurten. 71. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartuko duten zazpi film aurkeztu dituzte. Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martin Rejtman zinemagileek beren film berriak aurkeztuko dituzte. Horretaz gain, Raven Jacksonek bere lehen lan luzea erakutsiko du, Ikusmira Berriak egonaldian garatutakoa.
Maria Alchek (Argentina. 1983) eta Benjamin Naishtatek (Argentina. 1986) elkarrekin zuzendu dute Puan. Alchek Horizontes saria eskuratu zuen bere lehen film luzearekin (Familia sumergida 2018, eta aurtengo Ikusmira Berriak programako egoiliarra da. Bestalde, Naishtatek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Rojo filmarekin (2018), eta aktore onenaren eta argazki onenaren sariak ere eskuratu zituen.
Robin Campillo (Maroko. 1962) zinemagile frantziarra lehendabizikoz lehiatuko da Donostian L’île rouge / Red Island filmarekinm Madagaskar uhartearen kolonizazio frantziarrean kokatuta dagoen obra. 120 battements par minute (120 BPM) / (Perlak, 2017) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren dator zinemagilearen laugarren lana.

Joachim Lafosse (Belgika. 1975) lehiaketa ofizialera itzuliko da bere hamargarren film luzearekin: Un silence dramak Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil ditu protagonista. 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Les chevaliers blancs filmarengatik, eta bere lanetako bi Perlak sailean izan dira: L’economie du couple (2016) eta Les intranquilles (2021).
Quitters (2015) filmarekin debuta egin ondoren, Noah Pritzker (AEB. 1986) Donostian izango da lehen aldiz, bere bigarren film luzea aurkezteko; hala, Ex-Husbands pelikulan familia bereko zenbait gizonen gorabehera sentimentalak islatzen ditu. Filmean Griffin Dunne, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette eta Eisa Davis antzezleek hartu dute parte.
Cristi Puiu (Errumania. 1967) zuzendari errumaniarraren lanak Cannesko eta Karlovy Varyko zinema jaialdietan izan dira, eta The Death of Mr. Lazarescu (2005), Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan, Errumaniako zinemaren olatu berriko lan nagusitzat jotzen da. Aurten lehiaketa ofizialean izango da MMXX pelikularekin, “historiaren bidegurutzean harrapatutako arima alderrai mordo baten ibilerak atzitzen ditu egilearen lan berriak”.
Martin Rejtman zuzendaria da gaur aurkeztu duten azkena, ( Argentina. 1961) La practica komediarekin parte hartuko du lehen aldiz Sail Ofizialean. Bere ezkontidearekin krisi betean dagoen yoga-irakasle baten rola jokatzen du komedia horretan Esteban Bigliardi aktoreak.


