Zorroagako adinekoak Karmengo jaietara bueltan
Uztailaren 14tik 16ra ospatuko dituzte Amara Berriko Karmengo jaiak, eta berritasun handirik ez badago ere, jai batzordea ahalik eta egitarau osatuena egiten saiatu da, "auzotarrek goza dezaten".
Ezkerretik eskuinera, Begoña Oses, Iñigo Garcia, Iñaki Olasagasti, Salvi Santamarta eta Nerea Albisu, Amara Berriko jai batzordeko kideak. (Argazkia: Sara Ibarguren) Hiru eguneko egitaraua prestatu du Amara Berriko jai batzordeak Karmengo jaietarako. Hilaren 14an lehertuko da festa auzoan, herri dantzarekin, eta 16ra arte denetarik izango da bertan. Guztia antolatzeko, “beti bezala, jende gutxi” izan dutela aitortu du Iñaki Olasagasti jai batzordeko kideak: “Ez da jende gehiago animatzen, eta gaudenokin moldatu behar izaten dugu. Batzuk ezin izaten dute beti etorri bakoitzak bere zereginak dituelako, eta ahal den moduan antolatu behar izaten dugu. Hala ere, beti izan da horrela, eta aurten animatu egin garenez, zerbait berria gehitzen saiatu gara, ur handitan sartu gabe, dagoeneko ez dagoelako lehen zegoen jendea jai batzordean”.
Edonola ere, “pozik” daudela nabarmendu du, jaiak aurrera ateratzea lortu dutelako. “Eta hori da garrantzitsuena, auzotarrek ondo pasatzeko aukera izan dezaten”, gehitu du.
Kontuan hartzekoa da Amara Berriko jai batzordeak dimisioa aurkeztu zuela 2016an, antolakuntzan oso jende gutxi zegoelako: “2016an antolatu genituen festak azkenengo aldiz. Egitarau zabala genuen ordura arte, baina antolakuntzan oso jende gutxi geunden, eta nik uztea erabaki nuen. Antolakuntzako gainerako kideek asko maite nautenez, esan zuten ni joanez gero, beraiek ere festak antolatzeari uko egingo ziotela. Beraz, jai batzordea bertan behera geratu zen”, azaldu du Olasagastik.
Hala ere, sardina janarekin geratu ziren, izan ere, araudiaren arabera, auzo bakoitzeko jai bakarra egon daiteke, eta festaren bat bertan behera geratzen bada, ezin da berreskuratu. Pandemia ostean berreskuratu zituzten jaiak, eta hainbat berritasun izan zituzten. “2016tik hona mantendu duguna sardina jana izan da. Edonola ere, iaz, jaiak berreskuratu genituenean, jendeak esan zigun ea zergatik ez genuen danborrada antolatzen. Horiek horrela, animatu egin ginen, eta danborrada egin genuen, 100 bat lagunekin”, azaldu du.
Aurten ere danbor hotsez beteko dute Amara Berri, hilaren 15ean. Ordea, iaz baino parte hartzaile gutxiago izango dira: 80 lagun inguru. “Danborradan, gizonek mahoizko galtzak edo galtza bakeroak janzten ditugu, eta emakumeek baserritarren gona tradizionala jantzi ohi dute, puntutxo zuriak dituena. Hala ere, muga batzuen barruan bakoitza nahi duen moduan joan daiteke, auzo inklusiboa delako eta ez ditugulako mutilen eta nesken janzkerak bereizten”, adierazi du Olasagastik.
Danborrada baino lehen, mus txapelketa antolatu dute, eta hor ere bada berritasun bat, urtero lekuz aldatzen dutelako. Iaz, saihesbidearen beste aldean izan zen, Txintxua tabernan. Aurten, Garaitza tabernan izango da, Armeria plazan.
Lekuz aldatu duten beste jarduera bat toka eta bote txapelketa da: “Lehen ez genuen egiten, eta iaz egin genuen lehenengo aldiz, saihesbidearen beste aldean. Aurten, Eibar plazan egingo dugu”.
Zorroagako adinekoak ere festan
Pandemiaren ostean berreskuratu duten beste ekitaldi bat Zorroaga egoitzako adineko pertsonak festara batzea da. Iaz egin ez bazuten ere, aurten berrartuko dute ohitura hori, igandean. “Auzora etorriko dira, horretarako aukera dutenak behintzat, eta trikiti emanaldia eskainiko diegu. Horrez gain, pintxo bat jateko eta freskagarriren bat edateko aukera izango dute. Ezin diegu gehiago eskaini, 12:30ean bazkaltzera joan behar dutelako”, jakinarazi du. “Hala ere, ahal duenari ardo pixka bat emango diogu”, aitortu du Olasagatik, barrez.


