Ander Guevarak Reala utzi du, eta Alavesen ariko da
Realak harrobiko beste jokalari bati agur esan dio. Ander Guevara erdilari gasteiztarrak Alavesen jokatuko du datozen lau denboraldietan. Hedabide batzuen arabera, Gasteizko taldeak 1,8 milioi ordaindu ditu. Beste urtebete baterako kontratua zuen arren, talde txuri urdina uztea erabaki du. Realeko beste bi jokalari ohiekin topo egingo du Alavesen; Jon Guridirekin eta Xeber Alkainekin.
Guevarak lau denboraldi egin ditu Realeko lehen taldearekin, eta 101 partida jokatu ditu. Kadete mailan utzi zuen Alavasek Realarekin bat egiteko. 1997ko belaunaldikoa da, eta ordutik bidelagun izan ditu Mikel Oiartzabal, Aihen Muñoz eta Igor Zubeldia. Haiekin jokatu du gazte mailako kopa, Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa Reala Brekin, eta Europa Liga. Era berean, 2021eko apirilaren 3an Espainiako Kopa irabazi zuen txuri-urdinekin.
Zelai erdia husten ari da Reala, jokalari asko dituelako dauden postuetarako. Asier Illarramendi ligako azken partidan agurtu zen, Roberto Lopez ez da itzuliko –utzita ariko da Tenerifen–, eta, orain, Guevarak ez du jarraituko.