Asteazkenean irekiko dute, azkenean, Egiako Kaktus taberna
Whatsapp bidez zabaldu da mezua: Habemus Kaktus! Egiako taberna mitikoak asteazkenean irekiko ditu ateak, 12:00ak edo 12:30ak aldera –horrelakoetan ordutegiak ez dira eta sobera zehatzak–, Iruresoro plazan, edo auzokoek ezagutzen duten moduan, Plaza Berrin.
Aitor Rubio izango da Kaktus tabernaren jabe berria. Urte luzez Egiako La Taberna eraman ostean, proiektu berria irekitzeko lanean ari da 2021eko hondarretik. Urte hartako abenduan bidali zizkion udalari lehen lizentzia eskaerak eta ordutik ibili da “aurrera eta atzera”, joan den astean behin betiko baimena eman zioten arte. “Iazko irailean ireki nahi nuen, pentsa”, kontatu du.
Egindako lan eskergaren ostean, pozik dago Rubio, azkenean irekiko duelako auzotarrentzako horren berezia den taberna hau. Sukalde eta guzti, asteburutan eskainiko ditu afariak, “oraingoz behintzat”.
Asteazkenean ez du festa handirik egingo, baina auzokideak bertan egongo direla espero du. “Gauza bakarra dut argi: La Taberna itxi nuenean irten zen azkenengo pertsona izango da Kaktusen sartzen lehena”, kontatu du. Horren ondoren, mundu guztia izango da ongietorria.