Atzeratzen ari da Loiolako kuartelen salerosketaren sinadura
Loiolako kuartelen lursaila erosteko sinadura baino ez da falta. Ordea, Espainiako Defentsa Ministerioak egin beharreko urratsa atzeratzen ari da. Hilaren 23ko Espainiako Hauteskunde Orokorren atarian, Eneko Goia alkateak aitortu du Loiolako kuartelen lursaila erosteko sinaduraren zain jarraitzen dutela. “Ministroaren [Margarita Robles] konpromisoa dugu, baina sinadurarik ez. Tramitazio ordinarioa jarraitzen ari dela esan digu”, adierazi du Goiak.
Udalak zegozkion tramiteak egin dituela gaineratu du alkateak, eta, orain, Defentsa Ministerioaren sinadura falta dela: “Haiekin harremanetan jarri gara eta prest daude, baina ez digute bestelako azalpenik eman”.
Hilaren 23ko hauteskundeei begira, balizko gobernu aldaketa batek akordioa baldintzatu dezakeen galdegin diote Goiari. “Egia esan, ez dakit zer gertatuko den uztailaren 23tik aurrera”, erantzun du alkateak. Hori bai, sinadura hauteskundeen aurretik lortzea gustatuko litzaiokeela aitortu du.
73,3 milioi euro
Udalak eta Defentsa Ministerioak adosturikoak aurrera egiten badu, 73,3 milioi euro ordainduko dituzte, eta 17,5 hektareako eremua eskuratuko du, baita Uliako beste sei hektareako eremu bat ere. Kuartelen lursailean 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak, besteak beste. Salerosketa sinatzen dutenean, udalak bost milioi euro ordaindu beharko dizkio Ogasun Ministerioari, eta aurrerago ordainduko du gainontzekoa.