Hazteriaren kontrako informazio kanpaina bat abiatu du udalak
Donostiako Udalak, Osasun Publikoko udal sailaren bitartez, hazteria prebenitzeko informazio kanpaina bat jarri du abian. Informazioa, hazteriaren kontrako erremediorik onena da kanpaina egiteko aukeratu duten leloa. Hala, kartel eta eskuorri batzuk atera eta osasun zentroetan, ikastetxeetan, egoitzetan, kiroldegietan, liburutegietan eta farmazietan utzi dituzte.
Hazteria kasuak eta kontsultak ugaritu egin direla dio udalak: “Kanpainaren helburua ez da inolako alarmarik sortzea. Baina, nabaritu dugu jende asko ari dela joaten anbulatorioetara eta farmazietara hazteriaren kontrako erremedio eske; izan ere, gora egin du azkura handia ematen duen gaixotasun horrek erasandakoen tasak”.
Udaleko Osasun Publikoko Sailak Erlauntza lantaldeen bidez antzeman du kontsulta eta kasu ugaritze hori, eta Osakidetzak berak ere ikusi du hazteria edo sarna kasuak nabarmen igo direla Donostian. Inplikatutako alderdi guztiek esaten dute garaiz harrapatu behar dela gaixotasuna, duen estigma hori kentzeko eta gaixotasuna prebenitzeko eta atzera eginarazteko informazioa izateko.
“Garai batean, gizarte maila baxuko pertsonekin lotuta zegoen hazteria, pertsona asko pilatzen diren tokiekin –espetxeetan, adibidez–, gizarte bazterketarekin, beste arraza batzuetako pertsonekin eta antzeko kontuekin. Baina, edonori erasan diezaioke hazteriak, eta horrek dakar informazio eta prebentzio kanpaina hau egin beharra”, azaldu du udalak.

