Joseba Barandiaran oroitu dute haren senideek
Poliziak hil zuen Joseba Barandiaran izan dute gogoan haren senideek, gaztea hil zuten tokian bertan, Aldapeta eta San Bartolome kaleen artean. Udaleko EH Bilduko hainbat zinegotzi egon dira baita ere lore eskaintza xumean. Udalak orain bi urte plaka jarri zuen gaztearen oroimenez.
1978ko uztailaren 11an, Joseba Barandiaran Urkola gaztea, tiro batez hil zuen Espainiako poliziak. 1978ko sanferminetan, uztailaren 8an, Iruñeko zezen plazan izandako liskarretan German Rodriguez gaztea hil zuten tiroz, eta beste hamaika pertsona zauritu zituzten. Manifestazioak eta grebak zabaldu ziren Euskal Herrian. Hiru egun beranduago, Donostian egin zen German Rodriguezen hilketa salatzeko manifestazioan zegoen Barandiaran eta Espainiako poliziak egindako kargan erail zuten gaztea tiroz, 19 urte besterik ez zituela.