Auzoarena da Kaktus, berriz ere
Gogoz zeuden Egiako auzokideak. Eta gogoz hartu dute Kaktus berriaren irekiera, Plaza Berrin. Abisua emana zegoen: 12:00ak edo 12:30ak aldera irekiko zituen ateak. Esan eta egin, 12:00etan terraza jartzen eta azken detaileak prestatzen ari zen Aitor Rubio, tabernako jabea. Eta, bai, 12:30ean sartu dira lehen auzokideak lehen tragoak hartzera.
Ezer berezirik ez zegoen arren, inork ez zuen ongietorria ematekoa aukera galdu nahi, eta goiz osoan zehar –arratsaldea eta, ziur aski, iluntzea barne–, asko dira hurbildu diren bizilagunak. Toki berezia betetzen zuen Kaktusek auzokoen bizitzan, eta toki berezia jabe berriak, lehenago La Tabernan zebilenak; horra hor gaurko egunaren arrakastaren zergatia.
Aurretik ezagutzen genuen Kaktusetik aldendu dela zioten jendearen komentario gehienek; “pentsa, orain sukaldea eta guzti dauka”, diote batzuk barrezka. Dakienak daki zergatik ari diren irriz.
Aipatu gisan, Aitor Rubio izango da Kaktus tabernaren jabe berria. Urte luzez Egiako La Taberna eraman ostean, proiektu berria irekitzeko lanean ari da 2021eko hondarretik. Urte hartako abenduan bidali zizkion udalari lehen lizentzia eskaerak eta ordutik ibili da “aurrera eta atzera”, joan den astean behin betiko baimena eman zioten arte. “Iazko irailean ireki nahi nuen, pentsa”, kontatu du. Orain bai, orain, azkenean, udarako terraza eta guzti ireki ditu ateak Kaktusek. Lehen egunean behintzat, arrakasta itzelarekin.