Uliako Auzo Elkarteak auzitara jo du Okendo Aldeko plan berezia gelditzeko
Manteo eta Zemoria parkeak babesteko beste urrats bat egin du Ulia Auzo Elkarteak. Okendo Aldeko plan berezia gelditzeko auzitara jo dutela iragarri du Felix Soto auzo elkarteko presidenteak, Okendo Kultur Etxearen aurrean egindako agerraldian. 50 urte Donostiaren alde idatzia irakurri dute, eta auzoko berdeguneen defentsan jarraituko dutela gaineratu dute.
Uliako Mintegietan gazteentzako etxebizitzak egiteko plana gelditzea lortu zuten, eta, orain, gauza bera egin nahi dute Manteoko planarekin. Hau da, Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Okendo Alde eremuan eraikitzeko proiektua etetea dute helburu. “Ez da zuzena eta ez da legala milaka donostiarrek plan bereziari aurkezturiko alegazioak argudiorik gabe baztertu izana”, dio Sotok.
Auzo elkarteak alternatibak aurkeztu ditu azken hilabeteotan. Era berean, manifestazioak, elkarretaratzeak eta protestak egin dituzte –Manteo ikastetxearen aurrealdean horma irudi bat margotu dute eta berdegunean letra handi batzuk jarri zituzten–. Erakundeen erantzunik jaso ez dutenez, auzitara jo behar izan dutela esan du Sotok.
Donostiako Udalbatzak martxoan onartu zuen U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Hain zuzen ere, Basque Culinary Center fundazioaren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) bigarren egoitza eremu horretan eraikitzea aurreikusten du.