Soinuak berrinterpretatuz, elkarrizketa sortu
Kanadako crys cole artistaren soinu instalazio berria inauguratu dute gaur Tabakalerako eskaileretan. Making Conversation 2019an Ubud Balin (Indonesia) izandako gaueko entzute saioetan oinarritzen da.
Entzute eta grabaketa saio horietan, crys cole artistak bere inguruan sortzen ziren soinuen arteko “elkarreragin konplexuaren gaineko kontzientzia” hartu zuen, eta horretarako honako hauen arteko soinuak aztertu zituen, besteak beste: anfibioen, muskerren eta intsektuen arteko komunikazioak, etxeko animalien (oilarrak, txakurrak) soinuak, soinu artifizialen (hegazkinak, ibilgailuak, elkarrizketa iragankorrak eta gaueko jarduerak) zaratak eta nekez ezagutu eta kokatu ahal zituen beste soinu batzuk
Soinu horietan oinarrituta sortu du pieza, baina, azaldu duenez, ez ditu soinu horiek grabatu; birsortu baizik. Instrumentu tradizionalekin, elektronikoekin eta bestelakoekin birsortu ditu naturaren soinuak, ingurumena berrinterpretatuz.
Grabazioekin batera doazen marrazki eta bozetoak marrazketa automatikoko saioetan egin zituen crys colek, Baliko grabazioak eta osatzen ari zen soinu-konposizioa entzuten zituen bitartean bere eskuek agindu inkontzienteei jarraikiz instintiboki mugitzen eta erreakzionatzen zutela. Marrazkiak eta soinu-konposizioa batera sortu ziren, etengabeko prozesu batean elkarri lotuta. «Partitura» grafikoa baino, ikusmen-obrak soinu-piezaren lagun dira, amaierako obra sortzen lagundu zuen prozesu intuitiboaren zati batzuk irudiztatzen baitituzte.