Unai Marrero atezainaren aldeko apustua berretsi du Realak
Realak Unai Marrero atezainaren kontratua luzatu du 2027ko ekainaren 30era bitarte. Duela zortzi hilabete 2026ra arte berritu zioten kontratua, eta, orain, beste urtebetez luzatu diote. Horrek agerian uzten du 21 urteko azpeitiarrarengan duten konfiantza.
Lehen taldearen dinamikan ari da lanean, eta ziurrenik Alex Remiro atezain titularraren ordezkoa izango da, Andoni Zubiaurreren aurretik. Lagun Onak futbol taldearen harrobikoa da Marrero, eta 2016an fitxatu zuen Realak.
Lehen taldera jauzia
Nahia Aparicio atzelaria Realaren lehen taldearekin ariko da 2023-2024 denboraldian. Tolosarrak joan den denboraldian lehen taldearekin egin zuen debuta 26. jardunaldian, Valentziaren kontra, Zubietan. Bigarren taldean emandako mailari esker egingo du jauzia lehen taldera. Kalitate eta ausardia handia duen atzelaria dela nabarmendu du Realak.