Camborda eta Herguera donostiarrak, Zinemaldiko Sail Ofizialean
Herguera 'El sueño de la sultana' animaziozko pelikularekin lehiatuko da; Camborda, berriz, galizieraz filmatutako 'O corno' filmarekin.
Zinemaldiak 71. edizioko Sail Ofizialean parte hartuko duten pelikula gehiagoren berri eman du, eta horien artean Donostiako bi zinemagileren pelikulak nabarmentzen dira: Jaione Cambordaren O Corno eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultana. Isabel Coixeten Un amor filmak ere Urrezko Maskorra irabazteko lehian hartuko du parte. Hortaz, gaur iragarritako hirurak aurreko astean iragarritako zazpiei batu zaizkie.
O Corno —’adarra’, galizieraz— Cambordaren bigarren lan luzea da —lehen pelikula Arima izan zen—, eta galizieraz filmatuta dago. Bertan 1970eko hamarkadan kontrabandisten bide zahar bat erabiliz Portugala ihes egin behar duen emagin baten istorioa kontatzen da. El sueño de la sultana, aldiz, animaziozko pelikula bat da, eta izen bera duen liburu bati zor dio izenburua. Liburu horretan, emakumeek gobernatutako alegiazko herrialde bati buruz hitz egiten da. Istorio horrekin liluratuta, pelikulako protagonistak horri buruzko film bat egitea erabakitzen du.
Bestalde, Zabaltegi-Tabakalera sailean Señor y Señora ekoiztetxe donostiarrak bi film eskainiko ditu: Ion de Sosaren Mamantula eta Irati Gorostidiren Contadores.