Frontoiaren bueltan bizi den auzoaren memoria
Xabier Rico irakasle ohiak Ategorrietaren historia bildu du, bere haurtzaroko bizipenetatik abiatuta. 60 urte atzera egin arren, auzokide askok eta askok euren burua aurkitu dute Ricoren bizipenetan. Norbanakoek egiten dutelako auzo baten historia.

Uliako auzo elkarteak duen terraza ederrean elkartu gara Xabier Ricorekin (Ategorrieta, 1959). Liburua argitaratu berri du, eta elkarrizketak iraun bitartean, hainbat izan dira gerturatu diren auzokideak, eskatutako euren alea non dagoen galdezka.
«Laino batean nago», onartu du Ricok. Urtebeteko lanaren emaitza da Ategorrietako Oroimenak 1959-2023 lana, eta jende aurrean aurkezteak poz izugarria ematen dio: «Donostiako kultur etxe guztietan egongo da, eta niretzat amets bat da». Ategorrietako bizilaguna da Rico. Nerabe zenean gurasoekin Bidebietara joan zen bizitzera, baina azkar itzuli zen auzora, eta etxe berean bizi izan da bizitza osoan.
Liburua idazten zergatik hasi zen galdetuta, kasualitatez izan zela onartu du. «Ipuin batzuk idatzi nituen lehenik, eta Ategorrietari buruzko idatzi batzuk ostean. Lagunen artean banatu, eta jendeak izugarri ondo hartu zituen: nire bizipenak zirenak ingurukoen bizipenak ere bazirela ohartu ginen; nolabait, belaunaldi oso bat dagoelako ordezkatua».
Izan ere, Ricok ez du soilik historia liburu bat egin: bere txikitako bizipenak eta auzoaren bilakaera batu ditu. «Nahiko ondo batu ditudala esan didate», onartu du. Bere bizipenei, auzokideen bizipen eta memoriak gehitu dizkie: «Laguntza handia izan dut, eta esango nuke auzolanean egin dugula liburua».
Herri izaera
Ate Gorria izeneko ate batetik omen dator auzoaren izens: «XIX. mendean Santa Katalina zubi zaharrean ate gorri handi bat zegoen eta, ibiltariei eta gurdiei, merkataritza produktuak hirira sartzeko zerga bertan kobratzen zitzaien», kontatzen du liburuan. «Ez da ahaztu behar Donostiaren eta Altzaren arteko muga zela hau, Altza udalerria zenean», nabarmendu du. Hain zuzen, azaldu duenez, garai horretan auzoko etxeek ateak gorriz zituzten margotuak.
1950eko hamarkadatik aurrera dago kokatuta liburua, eta bada Ricoren eta auzoaren bizitza markatu zuen gertakari bat: frontoiaren inguruan eraiki zituzten langile etxeak.
Errioxatik etorri zen Ricoren familia — beste askoren gisan—, Donostian lan egitera, eta, Ategorrietara joan ziren bizitzera, Perez-Enea etxera, zehazki. Klaseak nabarmen markatzen zuen garaiko bizitza, Ricok behin eta berriz azaltzen duenez: «Zamora taberna inguruan bizi ginenok ez ginen elkartzen errepide nagusian bizi zirenekin, nahiz eta 200 metroko distantziara bizi elkarrengandik. Frontoia zen geure muga naturala. Geu langile xumeen semeak ginen eta haiei antzematen zitzaien maila sozial pixka bat altuagoa», kontatzen du.
Frontoiaren bueltan hainbat txalet eta palazio zeudela oroitu du, tartean, Jaime Bruneten Begaltegia txaleta: «Deskapotablearekin ibiltzen zen batetik bestera, modeloak-edo ziren neskekin. Jardinean egoten ziren titi bistan eguzkia hartzen, eta gu, haurrak ginela hara joaten ginen begiratzera», oroitzen du barrez.
Frankismoak zeharkatuta
Ricoren belaunaldia frankismoak markatu zuen. «Auzoan euskara zer edo zer entzun genuen txikitan, baina, ez genekien zer zen ere».
Nerabe zeneko anekdota bitxia dakar liburuan. Bidebietan lagunen arteko guateke batera debekatua zegoen Jane Birkinen Je t’aime moi non plus singlea eraman zuen. «Debekatuta zegoen kanta hori, oso sexuala zelako. Neska-mutil gazteak dantzan ari ginen, eta batzuk nikirik gabe balkoira atera ziren zigarro bat erretzera —sargori baitzen—, eta bizilagunek orgia bat egiten ari ginela pentsatu eta poliziari deitu zioten», gogoratu du.
Franco hil osteko garaia oso presente dauka: «Konturatu ginen hemen zerbait gertatzen zela, eta auzoko gazteak antolatzen hasi ginen, euskara ikasteko Uliako gau eskoletan, kontu politikoetan…». Uliako auzo elkartearen egoitzan antolatu zuten Imanol Larzabalen kantaldia, hura erbestetik itzuli zenean, besteak beste.
Historia bizia
Anekdotez gain, Ategorrietaren historia biltzen du liburuak: tabernen eta denden izenak, gatazka politikoaren ondorioz auzoan hildako pertsonak,desagertutako lanbideak eta izenak, izen propio asko. Azken finean, hori da auzo baten historia egiten duena, bere jendea. Ricok oroitu, eta bizilagunen ahotatik entzundakoak ederki biltzen jakin duena. Frontoiaren bueltan bizi zen, eta oraindik bizi den, auzoaren memoria jasotzen duena.