«Sekreturik gabe bizitzeko gogoa nuen»
2013ko martxoaren 11n dei bat jaso zuen Xabin Fernandezek: seropositiboa zen. Hortik hamar urtera, egun berean, GIBa izateak eragin dizkion bizipenak oinarri hartuta ondutako 'Kanpora sartzen' antzezlana estreinatu zuen, Intza Alkainekin batera. Geroztik antzezlana taularatzen dabiltza, eta Donostian ere geldialdia egin dute: igandera arte egongo da ikusgai Antzoki Zaharrean.
(Argazkia: Isaac Farre / Txalo Produkzioak) Pixkanaka, antzezlana bere bidea egiten ari da, ezta?
Bai. Etxean abiatu genuen abentura, Legorretan. Berezia izan zen, eta uste genuen herriak merezi zuela horrelako zerbait, obran Legorreta presente dagoelako. Gero, pixkanaka, Goierri konkistatzen joan gara, guk esaten dugun bezala. Egia da Aitziber [Garmendia] eta Sara [Cozar] goierritarrak direla, eta gero Lasarte ere bisitatu genuen, Intzaren [Alkain] herria.
Igandera bitarte Antzoki Zaharrean arituko zarete.
Guretzat erronka bat da. Etxetik gertu hasi gara, eta hau eskaileraren hurrengo malda da. Esan zidatenean Antzoki Zaharrera joango ginela, sekulako poza hartu nuen. Antzoki Zaharra berezia da niretzat: askotan izan naiz bertan ikusle moduan, eta berezia da pentsatzea lehen aldiz goian egongo naizela. Eta niretzako bezala baita lantaldearentzat ere.
Bestalde, guk orain arte herriak bisitatu izan ditugu, eta egun bateko emanaldiak izan dira. Lau egunez jarraian euskaraz antzerkia eskaintzea guretzat plazera da.
Kerobia taldeak ‘Nola irteten da barrura?’ galdetzen du; zu, kontrakoa, kanpora sartzeko ahaleginetan ari zara.
Kerobiaren abestia ere presente izan dut. Oso Kerobia zalea naiz, eta abesti horri ere buelta batzuk eman dizkiot. Nire kasuan, kontrako prozesua izango litzateke. Badakit jendearentzat pixka bat bitxia dela izenburua, baina nire barruan badu logika bat.
Nire osasun mentalak gorabehera asko izan ditu prozesu honetan guztian, eta, pixkanaka, kalekumea izatetik etxezulo izatera eraman nau. Hortik tiraka, esaten nuen: ‘Etxean geratzea zer da: barruan sartuta egotea edo nonbaitetik kanpo geratzea?’. Eta niretzat hori izan da; kanpoan geratzea: nire kuadrillatik, nire girotik, nire familiatik… Ariketa hau berriro kanpora sartzea da: etxetik aterako naiz, baina, aldi berean, zuen artera sartuko naiz.
Zerekin egingo du topo antzezlana ikustera joaten denak?
Koktelera batean sartutako osagai asko direla esango nuke. Finean, oso obra autobiografikoa da, lehen pertsonan idatzia eta kontatua. Nire izen-abizenak erabiltzen ditut oholtza gainean, eta nirekin batera dago Intza Alkainek gorpuzten duen birusa. Bion elkarbizitza hori ikusiko du ikusleak: hamar urte hauetan gertatu diren zenbait momentu ikusteko aukera izango du, eta publikoa negarraren eta barrearen artean ibiltzen da dantzan. Obran emozio saltsa bat dago, baina guk komedia bat dela esaten dugu.
Askok kazetari lanagatik ezagutuko zaituzte. Zergatik antzezlan bat?
Nire prozesu pertsonalak zerikusi handia izan du horretan. Ni Gaztea irratian nenbilen lanean, baina hura utzi eta zerbait berriaren bila Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (AET) eman nuen izena. AETk beste argi bat eman dit azken urte hauetan, eta hortik abiatu naiz abenturara. Antzerkia betidanik gustatu izan zait, eta pentsatu nuen hau guztia kontatzeko formatu egokia izan zitekeela.
Zure burua antzeztea ez da erraza izango, ezta?
Bai eta ez. Azkenean, ez daukazu beste inora joan beharrik zerbaiten bila. Hala ere, ni hasi nintzenean ez nekien nondik nora hasi, eta eman zizkidaten gomendioen artean esan zidaten ezin nuela %100 ni izan. Polita izan da prozesu hori. Hasi nintzenean erabat ni nintzen edo gehiago zuen niretik, eta sorkuntza prozesuan zehar hori ere fintzen joan naiz, batez ere, Aitziber Garmendiari eta Sara Cozarri esker, zuzendaritza lan izugarria egin baitute.
Antzezlan hau biluzte ariketa bat izan da zuretzat, baina biluzte horretan ez zaude bakarrik.
Babes izugarria izan dut, Txalo Produkzioak-etik hasita. Hasieratik izan dut euren konfiantza, eta eurei esker atera da hau guztia aurrera. Behin babesa izanda hasi ginen lantaldea osatzen, eta a zer osagaiak ekarri dizkidaten! Nik uste dut ez dagoela Aitziber Garmendia baino pertsona egokiagorik komedia egiteko, eta asko lagundu dit. Hankak lurrean jartzeko eta ordena pixka bat jartzeko Sara Cozar izan dugu, eta ezinbesteko lana egin du. Azken osagaia, noski, oholtza gainean nirekin dagoen Intza Alkain. Aitortu behar dut nik ez nuela gehiegi ezagutzen, eta oso denbora gutxian maitemindu naiz Intzarekin.
Bitxikeria moduan: hau idatzi nuenean, banekien birusak oholtza partekatuko zuela nirekin, baina ez nekien birusari zein forma eman. Gaixotasun hau gehienbat gizonekin lotu izan den zerbait da, eta uste dut birusa neska gazte batek gorpuztea aparta izan dela.
Neurri batean, terapeutikoa ere izango zen, ezta?
Ni asko lasaitu nintzen honi guztiari buruz publikoki hitz egin nuenean, eta antzerki obrak asko lagundu dit horretan. Hedabideetan hitz egin nuen, baina, noski, pertsonalki ere jende askorekin hitz egin dut: lehen ezinezkoa zen zerbait orain naturaltasun osoz egiten dudala konturatzen naiz. Albistea jaso nuenean, uste nuen askatasun bat galdu nuela, eta hori berreskuratzeko gogoa nuen: sekreturik gabe bizitzeko gogoa nuen.
Terapeutikoa egunero da: oholtzara igotzen naizen guztietan telefono dei hura jasotzen dut, momentu txarrak gogoratzen ditut… Horrekin guztiarekin bizitzen ikasten ari naiz, eta hori guztia publikoari erakusten diot.
