Txupina lehertu da kaian, arrantzaleen omenez
Karmen eguna ospatzeko, eta arrantzaleak oroitzeko antolatutako Karmengo jaiak lehertu egin dira, eta dantza eta sardina erre artean eman dute jada lehen eguna.
20 urtez jarraian antolatu dituzte Karmengo jaiak kaian. 2003. urtean berreskuratu zituzten jaiak “orduan” gazteak zirenek jai batzorde berri bat sortuta, eta 20 urtean haria ez da eten.
Urte hauetan guztietan jai batzordean parte hartu duten guztiei omenaldia egin diete, eta denek elkarrekin bota dute txupina. Eta ez sustorik gabe: txupina ez da behar bezala jaurti zerura, eta azken momentuan lurrera bota behar izan dute, lurrean lehertuz. Zorionez, inor ez zegoen bertan, eta susto bat besterik ez da izan. Irri urdurien artean hasi dira beraz karmenak.
Aitor Olaizola arduratu zen denen izenean hitz egiteaz, eta orduan jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte hartzaileak egin nahi zituztela, eta oraindik horrela dela izateak poztu egiten duela aitortu du.
Txupinaren leherketa zangotrabatuaren ostean, jaiak hartu du, behar bezala, kaia. Sardina errea jateko ilara luzea, eta auzolana jo eta su. Kasik tradizionala den eran, La Jodederak ireki du kontzertuen saioa, dantzaz eta irribarrez betez jaigunea. Hiru egun dituzte aurretik Parte Zaharrean, arrantzalez jantzita, jaiez gozatzeko.