Aurkeztu dute Piraten Aste Nagusiko egitaraua

Agerraldia egin dute Donostiako Piratek, aurtengo egitaraua aurreratzeko asmoz. Joseba Sarrionandiaren aipu bat izan dute abiapuntu: “Mundua aldatzeko ez da, derrigor, mundu osoa aldatu behar. Nahikoa dugu espazio txiki bat hartu, eragin eta, bihurri zein auzolanean, eraldaketa posible dela erakustea”. Horretan saiatuko dira beste urte batez Piratak abuztuaren 12tik 20ra prestatutako egitarauan.
Piraten izaera eraldatzailea nabarmendu dute,”hainbeste maite dugun auzolana oinarri, jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde boga egiten dugun kofradiakideak, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen dugun gainerako kideak eta boluntarioak”.
Iaz berreskuratutako eredua errepikatuko dute, zortzi eguneko egitaraua prestatuz. Egunean zehar Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan izango dira jarduerak: bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak, Irrikitaldia… Datozen egunotan aterako dute egitaraua xehatuta.
Kontzertuei dagokionean, Flamenkakoak jada aurkeztu zituzten orain aste batzuk. Esteka honetan ikus daitezke. Jakinarazi dutenez, Trinitate plazako eskaintzarekin jarraituko dute, “kontzertu txikiez” gozatu nahi duenarentzat. Bertan izango dira Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera eta Alarma Morea, besteak beste.
Jaiak, “elkarzaintza eta feminismoa”
Piratek “garbi dute” erasorik gabeko festa eta hiria nahi dituztela jaietan ere, eta, horien aurrean “erantzuteko” prest daudela adierazi dute. Bide horretan, jaigunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute aurten ere, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio.
Adierazi dutenez, artatzeak profesionalen esku utzi behar dira, eta, horregatik, udalak jarritako eta Emagin elkarteak kudeatutako artatze guneari emango diote garrantzia. Nabarmendu dutenez, aurten udalarekin egindako elkarlanaren ondorio, gune horren ordutegia zabalagoa izatea lortu da. “Zehazki, egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13etatik goizeko 10ak arte”.
Edonola ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi adierazi dute “ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten gara”.
Azkenik, jakinarazi dute, “zoritxarrez”, erasoak egongo direla aurreikusten dutela –urtero egoten direlako–. Erantzuna aurreratu asmoz, abuztuaren 19an arratsaldeko 19:00etan kaitik aterako den salaketa ekimenean herritar guztiak parte hartzera deitu dute.