Irati Gorostidiren 'Anekumen' hautatu dute Locarno Residency topaketarako

Irati Gorostidi zinemagile donostiarraren Anekumen filma hautatu du Locarnoko Zinemaldiak (Suitza), zinemagile hasiberrien film luzeak garatzeko laguntza eskaintzen duen topaketarako.
Gorostidik Ikusmira Berriak programan abiatu zuen filma, eta iaz, Madrilgo Zine Eskolan hautatu zuten, La Incubadora programan, filmak garatzeko sortutako egitasmoan. 2023an, berriz, Indie Lisboako ‘Co-production Forum’ egitasmoan hautatu dute, eta berriki FIDLaben Culori Award saria jaso du.
‘Anekumen’
2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra oinarri, Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da. Egileak azaldutakoaren arabera, “1970eko hamarkadako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta”.
Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusioak jota, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.