«East Donostia Egian hasten da, eta Irunen bukatu»
Estefania Beneyto Lasa (Altza, 1993) da Donostiako eta Euskal Herriko emakumezko rap kantari garrantzitsuenetako bat, izen horrekin jende gutxik ezagutuko duen arren. Bera da 'Fani', Nizuri Tazuneri proiektuaren %50, Norzzonerekin batera. Proiektua etetea erabaki du bikoteak, hiriak eman duen rap proiektu sendo eta interesgarrienaren bidea amaituz. Ordea, musika ez da amaitu haientzat eta jarraituko dute proiektu berrietan, sormena behar bat delako haientzat.
Kasik hamar urteko ibilbideari agur esan dio Nizuri Tazunerik, nola hasi zen guztia?
2014an sortu genuen taldea, baina lehenagotik ezagutzen genuen elkar Norzzonek eta biok. Nik Oreretako bi lagunekin abesten nuen, kontu oso undergroundetan. Baina grabatuak nituen kantak oso txeo ziren, 15 urterekin, etxean… pentsa. Norzzonek ordurako atera zuen Bizirik eta Amairu Dok eta nik rapa entzuten nuen, baina euskaraz ia ezer ez. Geratzen hasi ginen beste lagun batzuekin, zerbait hartzeko eta petak erretzeko, eta gauza baten eta bestearen artean, abesti bat grabatu, eta EP txiki bat egin genuen, Japanescense. Hainbati gustatu zitzaion eta animatzen hasi ginen.
Zer zuen berezia taldeak?
Guri gustatzen zitzaigun gure arteko kontrakotasuna; ez bakarrik neska eta mutila, hori oso ikusia dago. Bi belaunaldi ezberdin gara, ia hogei urteko aldea dugu; euskaraz egitea, Bizkaian bazebiltzan, baina hemen, Donostia-Errenteria inguruan, ohikoagoa zen gazteleraz.
Trapa ordurako iritsia zen Kaydy Cain, PXXR GVNG eta jende horrekin guztiarekin. Maisha MC-k Pimp Flakoren kontzertu batera eraman ninduen Bilbora, eta harrituta geratu nintzen: soinu oso gogorra zen, eta jendearen erreakzioa ere halakoa zen. Nik raparekin ez nuen inoiz jendea horrela ikusi, dena ematen. Soinu horren ildotik atera zen Musika ala hil (Taupaka, 2017), eta orduan bai, kontzertuak ematen hasi ginen, Eguzkiaren Semearekin hasi ginen serioago lanean, eta abar. Zazpi (Taupaka, 2018) egin genuen ostean, bekatuen inguruko lan kontzeptuala. Guri kristorena iruditu zitzaigun izaten ari ginen oihartzuna, ez genuelako lan egiteko leku bat ere.
Gora zindoaztela zirudien, baina uztea erabaki duzue aurten.
Nabaritzen genuen estudioko lana ondo zihoala, baina, gero zuzenekora joaten ginenean, zerbait falta zitzaigula sentitzen genuen. Urte gogorra izan zen emozionalki bai Norzzonerentzat, baita niretzat ere. Pandemia etorri zen orduan, eta Anubis kaleratzeko prest geunden, baina atzeratu egin genuen. Azkenean, argitaratu eta kontzertu batzuk eman genituen, baina zerbait gehiago falta zitzaigun. Zuzenekoak gehiago lantzearen beharra sentitzen genuen, baina ez genuen nahikoa denbora ateratzen horretarako.
Era berean, soinu aldetik gauza oso ezberdinak ari ginen bilatzen azken urteotan eta geure buruak behartu beharrean, uztea erabaki genuen, dinamika txarrak ekiditeko. Era naturalean sortu zen bezala, era naturalean bukatu dugu gure ibilbidea.
Pandemiak ekarri du belaunaldi aldaketa nabarmena euskal eszenan.
Sareek indar asko zuten lehendik ere, baina pandemia ostean lehertu egin dira Instagram, TikTok eta abar. Sareetan atentzioa deitzeak axola du orain, eta artistak hor enfokatzen dira. Hedabideak ere asko aldatu dira; lehen galdetzen zuten zer musika egiten genuen, zer zen trapa, eta orain «dena da musika urbanoa», eta galderak pertsonalagoak dira.
Traparen inguruetan mugitu zineten, baina orain beste soinu batzuen bila zabiltzatela diozu.
Trapa niretzat gangsta rap-aren garapen bat zen, eta egun, estilo ugariren fusioa da; teknologiak badu zerikusia horretan. Gaur egun Euskal Herrian ez dut ikusten trap soinu ilun hori, detaile batzuk besterik ez. Soinu aldetik, Nortxo gehiago dago post-punkean eta abar. Kantu mordoa grabatu ditu, eta bere burua berrasmatzen ari da. Ni gehiago nago afro-trapean, reggaetoiean, elektronikan… Ez du esan nahi hori egingo dudanik, e! Txikitatik entzun dut popa, musika herrikoia eta runba mordoa, eta ildo horretan ere ikasi nahi dut. Hain zuzen, orain, musika ekoizten ikasten ari naiz. Jendeak galdetzen dit ea jada ez dudan ezer sortzen. Bai, nik egiten dut, baina sareetan ez nagoenez aktibo, jendeak uste du ez dudala ezer egiten. Ez dut gauzak argitaratzeko inongo beharrik, baina sortzeko bai, beti nabil sortzen.
Maisha MC-k aipatzen zuen yin-yanga zinetela.
Proiektua sortzerakoan, jendeak esaten zion Norzzoneri tontoa zela, erakargarriagoa zen zerbait egin ordez, horrelako proiektu batean sartzeagatik. Berak egin zezakeen gizonen rap mota hori, eta hor arrakasta handiagoa lortu. Ezberdintasun handia zegoen hasieran, gerora batzen joan zirenak. Yin-yangarena ulertzen dut, baina esango nuke oreka horrek osotasun bat eraiki zuela.
Nik ezberdintasun handia ikusten nuen bion artean, baina berak beti kontrakoa sentiarazi dit, beti eman dit maitasuna eta konfiantza. Jendeak uste zuen elkarrekin geundela, ez zen haien buruetan sartzen zerbait sexuala ez egotea. Pentsamendu normatibo hori: «gizon bat eta emakume bat elkarrekin, zerbait gehiago egon behar du». Bazegoen, bai: musika eta gauzak egiteko maitasuna.
Kritika horiek eragina izan zuten zugan?
Oso puntualak izan dira. Ikusi izan banu Norzzonek garrantzia ematen ziela, akaso gehiago eragingo zidan, baina kontrakoa sumatzen nuen, asko animatzen ninduen. Egia da lekuetara joaten ginenean nabaritzen nuela jendeak kasu gehiago egiten ziola berari, gizona zelako, nagusiagoa zelako, ezagunagoa… Bestetik, proiektua hasi genuenean berak kristoren maila zuen, eta ez da erraza zerbait parekidea egitea maila hori duen jendearekin. Niretzako Norzzone top mailan dago Euskal Herrian. Maila horretan egotea zaila zen niretzako, baina motibatzailea zen, eta pizgarri bat.
Ekoizten ikasten ari zara, beraz.
Ni musikaria sentitzen naiz, rap kantaria aurretik. Fagota jotzen nuen txikitan, 14 urtera arte, Errenteriako kontserbatorioan. Orain musika sortu nahi dut, eta instrumentalak neure kabuz egin.
Sormenetik zer da gehien interesatzen zaizuna?
Errealizazio pertsonal moduko bat da, sortzea niretzat plazera delako. Egiten dudan zerbait jendeari gustatzen bazaio, bada, hobe; abesti mitiko bat sortzea, adibidez, kristorena litzateke. Gustatuko litzaidake beste gauza batzuk egitea, zinemarako film bat, adibidez; asko maite dut zinema. Baina horretarako beste maila bat behar da. Benetako musikaria izan, eta ez egin guztia punk eran [barrez].
Letrei dagokionean, zer bilatzen zenuen Nizuri Tazunerin?
Hitz egiten ez denaz hitz egitea. Kritika sozial asko egiten dugu, horrelakoak garelako, azken finean. Gai asko daude hitz egiteko, baina normalean zutabeetatik abiatzen naiz ni, errimak eta errimak. Prozesu horretan orain ari naiz ikasten, zutabeez gain, osotasunez begiratzen kantari, guztiaz hitz egin ahal izateko. Musika bizitzeko modu gisa ikusten dut, eta dantzatzeko eta ondo pasatzeko, baina mezu bat zabaltzea garrantzitsua da baita ere; musika tresna gisa erabiltzea, robot kontsumitzaile soilak izan ez gaitezen, eta pentsatzeko eta abar.
Nizuri Tazuneri arte politikoan tarteko leku batean egon da, kritika eginez, baina akaso gehiegi lerratu gabe.
Bai, ez ginen sekula izan talde panfletero bat, baina aldi berean politika oso presente zegoen. Guk ez dugu alderdi politiko bat babesten, baina baditugu sinesmen batzuk: bizitzeko modu bat eta ikuspegi bat. Jendeak esaten du politika berdin zaiola, baina niri ez, niretzat dena da politika. Ez dut ikusten politika sistemak ikustarazten digun eran. Badirudi politika alderdiak direla; baina niretzat, egunerokotasunean gertatzen den guztia da politika.
Ondo definitzen da zaretena «ez dugu esango entzun nahi duzuna» esaldiarekin. ‘Outsider’ batzuk izan zarete beti.
Erabat ados, pixka bat azidoak izan gara. Ez gara etorri denen gustukoak izateko. Hasi ginenean, Nortxok esan zidan: «Hau impopularra izango da». Era batean bai, izan zen, baina gero, uste baino jende gehiagori gustatu zitzaion. Duintasunez egindako bide bat egin dugu, eta hori guztia bizitzea opari bat izan da. Diru aldetik ez dugu ezer eraman, baina bizipenak eta jendea, izugarriak.
«Zure talde gogokoenaren talde gogokoena» izan da Nizuri Tazuneri? Berri Txarrakek ere gonbidatu zintuzten haiekin jotzera.
Feedback handia jasotzen genuen musikarien aldetik, hori egia da, baina jendeak orokorrean ez gintuen ezagutzen. Auzoan jendeak ni betidanik ezagutzen nau, baina orain utzi dugunean ere, ez dakite rapeatzen dudala. Normala da; akaso beste musika bat egingo bagenu, leku gehiagotan aterako ginateke? Akaso, baina berdin zitzaigun.
Sentitu duzu inoiz leku garrantzitsuago bat bete beharko zenuketela eszenan?
Nik esango nuke ezetz; zergatik merezi dugu guk eta ez besteek? Hori, azken finean, jendearen erabakia da. Egun olatu berri bat egon da, gazte belaunaldi berri bat sartu da musikan topera eta kristoren oihartzuna ari dira izaten. Diskoetxe baten edo promotore baten parte bazara, beti da errazagoa leku batzuetara iristea. Guk beti autoekoizpena egin dugu, Taupaka elkartearen laguntzaz, maila oso xumean.
Ez, guk ez genuen merezi ez gehiago, ez gutxiago. Zure egoari kasu egiten badiozu, baietz esango dizu, baina jakin behar duzu non zauden.
Rapa ez da oso arrakastatsua izan gurean, ezta?
Garai hartan, AEBetan oso ezaguna zen arren, gurean ez zegoen batere modan raparen kontua, eta Espainian ere ez zegoen industriarik. Ni nerabea nintzenean hasi zen mugimendua sortzen, Donostialdea ekialdean, Altzan eta Beraunen pilo bat. Garai hartan, inguruan zebiltzanetatik nik entzuten nituen XDS, Norzzone, Jasga, Caste, Markel, El Negro, Joannes Basasoro, Bunker 13, Burro, El cabron del barrio, 100% Gourmet, Snkt, Paulee, Sorkun, Glaukoma, Bad sound… Donostian bazegoen Urban 13 kolektiboa eta Old School arropa denda. Ordurako Internet bazegoen, baina sarbide askoz ere txikiagoa genuen, eta asko mugitu behar ginen.
Ez da kasualitatea Altza-Errenteria konexioa, ezta?
Rapa, berez, langile auzoetatik dator, jende txiroaren istorioak kontatzeko. Altza herria zen lehen, eta sentimendu horrek oraindik irauten du; hemen beti esaten dugu «Donostiara noa». Donostiaren eta Altzaren artean alde handia dago, azpiegitura aldetik, errenta aldetik… Oso abandonatua egon da urte luzez. Jendeak auzo bizitza egiten du erabat.
Ni sare sozialetan East_Donosti naiz, niretzat ez delako soilik Altza: East Donosti, Egian hasten da, eta Irunen bukatu, Orereta eta Pasaia zeharkatuz. Hor ikusten duzu langile klasea, etorkin mordoa… naturalki ikusten dut hor sortzea.
Langile klase gisa, beste kode batzuk garatu dira, erdigunetik oso bestelakoak.
AEBetan asko hitz egiten da musika erabiltzeaz «auzotik ateratzeko». Gurean ez da horrenbeste nabaritzen. Kode bat sortzea guretzat naturala da, ez dugu behartzen diskurtsoa: «Hau da gure kodea, pijo putak, ez duzue ulertzen, ez dakit zer». Langile auzoetako gaia da prekarietatea; ez bakarrik lanari lotuta, emozionalki ere, jendea oso txarto dago, eta dirudik gabe ezin zaio aurre egin egoera horri…
Substantzien kontsumoaren bukleetatik ateratzeko bide bat ere bada musika, alkoholaren bukletik, batez ere. Oso anestesiatua ikusten dut gizartea, teknologiaren eta substantzia batzuen artean. Hori musikara eraman behar da? Ez derrigorrez, baina entretenitzeaz gain, beste zerbait egin nahi dut nik.
Nizuri Tazuneri oso aitzindaria izan zen kaleko hizkeran eta euskaraz abesten. Egin dira, ordea, kritikak norabide horretan.
Euskaraz ez zekien jendeak ere kritikatzen gintuen, euskara ulertzen ez zuelako. Guri, zuzenean, inork ez zigun ezer esan ildo horretan, baina ni nahasketa hori naiz, ezin dut nire burua ukatu. Nire aitaren familia Valentziakoa eta Badajozekoa da, eta amarena Nafarroatik eta Ataundik dator. Gaztelera eta euskara dira nire bi ama hizkuntzak, eta, orduan, naturaltasunez egiten dut musika horrela. Hori erakutsi nahi genuen. Garbizaletasunaren ikuspegitik egin daitezkeen kritika horiek ulertu ditzaket, nondik gatozen ikusita batez ere, baina niretzako garrantzitsua da nire errealitatea islatzea.
Nire euskara maila ez da oso altua, baina maite dut euskara, nire hizkuntza da; gaztelera ere maite dut nire hizkuntza delako. Nire ustez euskara ez dago arriskuan agian datuak erakutsita oker nabilela ohartuko naiz, baina, tira, gutxienez, nik ez dut euskara arriskuan jartzen, musika horrela egiteagatik. Nire errealitatea hau da, honela abestu edo ez. Nahasketa aberastasuna da niretzako.
Euskal kulturaren egoera nola ikusten duzu?
Hasi ginenetik alderatuta, egoera askoz hobeto ikusten dut. Jende asko ari da gauza berriak egiten Euskal Herrian eta munduan. Bada jendea esaten duena berari gustatzen ez zaiolako jada gaizki dagoela.
Adibidez, J Martina pila bat gustatzen zait, elektronika eta autotunea nahastuz; ez da berria, baina berria da. Chill Mafian, adibidez, nahiago dut Kiliki Frexko, Ben Yarten ondoan, ez dagoelako horren itsatsia, edota mainstreamean. Koban ere pila bat gustatzen zitzaidan, zuzenekoek garrantzia handia dutelako niretzat. Ikusitako azken kontzertua ×dei rap kantariarena izan zen, Dabadaban. Izugarrizko soinua, eta kristoren letrak. Hainbeste gozatu nuenez, hurrengo kontzertua ezin izan nuen entzun ere egin!
Eta industriaren egoeraren inguruan?Estefania
Industriaren egoeran ez naiz sartuko, hor kapitalismoaren legeak sartzen dira eta abar. Niri eszenaren egoera da interesatzen zaidana, eta ona dela uste dut.
Festibalak eta abar oso zirkuitu itxiak dira, eta undergrounda ez da hor sartuko. Horren aurrean, gehiago sortu behar da. Har dezagun areto bat gure jaialdia egiteko. Ez dugu itxaron behar, guk geuk egin behar dugu, kexatzen ibili beharrean. Fermin Muguruza da adibide bat. Trabak jarri arren, bera mugitzen da batetik bestera: herrialde batera doa, eta zerbait antolatzen du, gero beste batera, eta beste zerbait prestatzen du. Mugimendu bat sortzea da helburua.
Nizuri Tazuneri aitzindaria izan da euskal rapean. Selektah Kolektiboak 2000. urtean irekitako bideari —lehendik ere izan ziren saiakerak, Negu Gorriak, kasu— jarraipena eman zion 2010eko hamarkadan olatu berri batek: 121 Krew, Norte Apache, 2zio, Glaukoma… Nork bere lirika, nork bere estiloa, Nizuri Tazuneri izan da Donostialdean sortu den proiektu sendo bakarra. Euskarak rapeatzeko balio ez zuela eta, «txinera» dirudiela esan zieten, eta Nizurik, ezetz, «japoniera» zela. Ideia horretatik etorri zen hitz jokoak egiteko joera. Taupaka elkartean egon da bikotea euren ibilbide osoan zehar, autogestioa oinarri hartuta, balio zehatz batzuk defendatzeko asmoz. Irudia izan da Nizuri Tazuneriren bereizgarrietako bat. Hasieratik Arriguri ekoiztetxearekin egin dute lan, argazki eta bideoklip ikusgarriak lortuz. Nizuri Tazuneri joan da, baina etorriko dira besteak, Musika ala hil delako haien filosofia: «Nortzuk dira umilak, leialak, zintzoak / nortzuk lortu zuten irekitzea leihoa / freskatzeko aire geldoak? / Guuuu, guuuu».