Gehiengoaren hiria herdoilak har ez dezan
Leire Solana Sanchezek (Antigua, 1998) eta Alvaro Arratibel Jareñok (Amara, 1998) Oxigraf eraikina birgaitzeko proiektuak aurkeztu dituzte arkitektura eskolako Gradu Amaierako Lanetan (GRAL). Lehenak, aurkeztu berri du; bigarrenak, iaz egin zuen.
Herrerako Oxigraf eraikina (Herrera Pasealekua, 10) Altzako historia hurbileko lekuko isila izan da 1960an eraiki zutenetik hona: inguruaren hazkunde neurrigabearekin batera eraiki zen, eta ordutik ez du inoiz izaera periferiko hori galdu. 2009tik erabilerarik gabe dago eraikina, baina beste erabilera bat emateko lanean jardun dute arkitektura eskolako bi ikasle donostiarrek.
Eraikinari buruzko proposamena egitera nola iritsi zen kontatu du Solanak: «Nire aitaren familia Altzakoa da. Hortaz, askotan pasa naiz eraikinaren aurretik, baina beste begirada batetik. GRALerako birgaitze bat egin nahi nuen, eta hor deskubritu nuen berriro eraikina». Arratibelen kasua bestelakoa da, nahiz eta hark ere birgaitze bat egin nahi zuen, hau da, eraikin bat hartu eta, bere arkitektura balioan jarriz, erabilera berrietara egokitu: «Donostian industria ondare oso gutxi dagoela ikusi nuen, azken urteetan eraisten joan baitira. Donostiatik buelta bat ematea erabaki nuen eta Herrerako pabiloi hauekin egin nuen topo. Potentzial handia zeukala ikusi nuen». Solanak ere «oso prozesu antzekoa» egin zuen, eta jasangarritasunari garrantzi handia ematen dio: «Ez neukan gogorik eraikin berri bat hutsetik egiteko. Batzuetan eraikitzeagatik eraikitzen da, eta benetan sinisten nuen zerbait izatea nahi nuen».
Langileriaren industria ondarea helburu
Biek hartu zuten industria ondarea gaitzat, eta hari horri tiraka egin zuten topo eraikin berarekin, «nahiko naturalki», Arratibelen aburuz: «Tipologia bereizgarria duen eraikin bat da: inguruan ikusten ez den forma eta itxura ditu». Tipologiaren ingurukoak zehaztu ditu Solanak: «18 metroko argia du, zutaberik gabe, eta horrek oso gune gardena sortzen du. 12 bat metro ditu altueran gehienez. Oso espazio irekia da, eliza bat dirudi. Egiturari dagokionez ere oso berezia da, hiru giltzadurako arkua dauka, tirante batekin».
Ildo horretatik, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia (EHOBPB) aipatu du Solanak. Plana aldatzeko egin zen azken proposamenean, eraikina bertan txertatzeko proposamena egin zen, baina ez zen onartu. «Legearen ikuspuntutik eraikin honek ez du balio historikorik eta arkitektonikorik. Guk, Alvarok eta biok, eman diogu gure lanerko», aldarrikatu du Solanak.
Ondarea zer den eta, hortaz, balioa zerk duen nork eta nola zehazten den ere gogoetatu du Solanak, Ander Gortazar Balerdiren eta Jonander Agirre Mikelezen Gehiengoaren hiria liburua aipatuz: «Bete-betean sartzen da langile klasearen ikuspegia. Area Erromantikoa erabat babestua dago, baina Oxigraf errefusa da, memoria langileena delako». Arratibelek ere Oxigrafen balio historikoa defendatu du: «Altzaren identitatea beti lotu da industriarekin, baina ia ez da industriarik gelditzen. Uste dut Altzaren ikono moduan eta memoria aldarrikatzeko geratu daitekeela».
Oxigraf, sormen gune
Euren lanak egiterako garaian, biek izan dute artea hizpide. «Hori ere kasualitatez», dio Solanak, baina bakoitzak bere berezitasunak izan ditu. Arratibelek 1980ko hamarkadan Donostian abiatutako Arteleku izan du oinarri: «Inguruko artistak batzeko fabrika bat zen, eta lanketa kolektibo bat sustatzen zuen artearen ikuspuntutik. Kalitate eta potentzial handia zuten eraikinak artistei ematea izan zen helburua». Denborarekin, ordea, egitasmoa «zaharkitua» geratu zen, «ez zelako artea sortzeko tresna berriei egokitu», eta, azkenerako, desagertu egin zen.
Tabakaleraren nazioarteko programarekin alderatuz, Arratibelek euskal artistetan jarri nahi izan zuen fokua. Arratibelek ondoko eraikinean, Pescafrian, egin zituen esku hartze gehienak, eta Oxigrafekoa erakusketak egiteko baliatu zituen: «Hain espazio zabala izanik, aprobetxatzeko zerbait zela ikusi nuen, balioan jartzeko zerbait».
Galanek, artista profesionalek baino, «edozein auzotarrek aprobetxatzeko moduko lekua» sortu nahi izan zuen: «Nire kasuan sormen gunea auzotarrentzat zen, musika aldetik, arte plastikoen aldetik eta abar». Auzo elkarteentzat bulegoak, kafetegi bat eta zaurgarritasun egoeran dauden gazteentzako behin behineko etxebizitzak ere aurreikusten zituen Solanaren proiektuak. Oxigraf eraikinetik gertu dago Contadores fabrika, gaur egun kulturarako erabiltzen dena, baina Contadoresekoaren aldean gune «autogestionatuagoa» zuen buruan Solanak, nahiz eta horrek «ez duen hainbesteko eraginik proiektua diseinatzerako orduan».
Arratibelen aburuz, euren lana «aldarrikapen bat» izan da: «Egingo denaren aurka goaz. Ez dakit zein punturaino eragingo duen, baina ikusgarritasuna edukitzea gustatuko litzaidake». Izan ere, eraikina eraitsi eta bertan 380 etxebizitza eraikitzeko asmotan da udala, eta horrek Herrerako Herripe auzo elkartearen kezka eragin duela gogoratu du Solanak. Elkartearekin jarri da harremanetan, udalaren proiektuari alternatibarik eskaini nahi badiote: «Proiektu hau nuela esateko idatzi nien, erabili nahiko balute».
Agintariek industria ondarearekiko duten tratuarekin kritiko ageri dira biak. Arratibelen esanetan, Euskal Herriko industria ondare arkitektonikoari eskaintzen zaion tratua «ez da batere errespetuzkoa», eta «hiltzen» ari da. Solanak ere ildo beretik jo du dagoeneko eraikita dauden eraikinei buruz hitz egitean: «Ondareari buruz dugun ikuspegia estetika hutsa da, lehengoaren gogoeta erromantiko hori. Eraikinaren eta ondarearen (eraikita dagoen guztiari erreferentzia eginez) inguruko gogoeta sinplista daukagu denok, gutxienez hiri honetan». Izan ere, baliabideak «mugatuak» direnez, Solanaren iritziz zerbait hutsetik eraikitzeak «azken aukera izan behar du» gaur egun: «Auzoaren memoriaz, ondareaz eta abarrez aparte, ja beste gauza bat dago gainetik. Traba handirik egin ezean, eraikin bat mantendu egin behar da, erabilgarritasunarengatik eta errekurtsoengatik, gehienbat».