Zenbat etxebizitza eraikiko dituzte Jolastokietan?
Herripe auzo elkarteak udalari eskatu dio eremu horretako hirigintza planaren «xehetasun guztiak» ezagutzera emateko. Talde bat osatu dute planaren jarraipena egiteko eta proposamenak prestatzeko.
Donostiako Udalak 2019ko martxoa bukaeran eman zion hasierako onarpena AL.05 Jolastokieta hirigintza planari. Zardoya Otis enpresak utzitako lursailean etxebizitzak egingo zituztela iragarri zuten. Bi urte luzeren ondoren, urriaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren hirigintza planaren xehetasun batzuk. Esaterako, Jolastokietan gehienez 456 etxebizitza eraiki ahal izango direla jasotzen du dokumentuak. Horietatik %40 izango lirateke babes ofizialekoak.
Horren berri izan orduko, Herrerako Herripe auzo elkarteak bilera informatibo bat egin zuen Auzotegian, hilaren 2an. «Eskura dugun informazioaren arabera, bost etxebizitza bloke eraiki nahi dituzte Zardoya Otis enpresaren lursailean. Hasierako aurreikuspena 300 etxebizitzakoa zen, 50-60 etxebizitza bloke bakoitzeko. Aldiz, 2019ko hitzarmenak 380 etxebizitza aurreikusi zituen, eta, orain, 465 izango direla irakurri dugu. Etxebizitza kopurua bikoiztu egin dute», dio Herripe auzo elkarteko kide Jose Angel Apaolazak.
Zardoya Otis igogailuen enpresak iaz eraman zuen Herrerako lantegia Eskusaitzeta industrialdera, 20 milioi euroko inbertsioa egin ostean. «Udalarekin akordio bat egin zuten lanpostuak mantentzeko eta fabrika beste herrialde batera ez eramateko. Hori dela eta, hirigintza plan honen atzean Zardoya Otis dagoela iruditzen zaigu», azaldu du Apaolazak. Azken urteotan egin dituzten aldaketak igogailu enpresaren «interesekin» lotura dutela uste du auzo elkarteak. «Horregatik, etxebizitza gehiago egin nahi dituzte, etekin gehiago lortzeko».
Jolastokietan etxebizitzak egiteko udalak Plan Orokorraren aldaketa puntual bat egin beharko du. Horren ordez, auzo elkarteak udalari eskatuko dio hirigintza proiektua Plan Orokor berriaren erredakzio prozesuan sartzeko. Horrekin batera, hirigintza plana «ahalik eta azkarren» ezagutzera emateko eskatu diote udalari.
Lehentasunak
Herripe auzo elkartea ez dago Jolastokietan etxebizitzak egitearen kontra. Horrela ere, auzoak beste lehentasun batzuk dituela nabarmendu du Apaolazak: «Gure inguruan etxebizitzak egitea da lehentasuna, eta gainerako ekipamenduak eta azpiegiturak zeharo baztertzen dituzte». Adibidez, hainbatetan adierazi dute Herrerak kultur etxe bat behar duela. «Oxigraf eraikina berritzea proposatu dugu, erabilera kultural bat emateko. Halere, gure proposamena ez dute aintzat hartu».
Ermita bideko aldapan igogailu bat jartzea beharrezkoa dela dio Apaolazak, eta Jolastokietako hirigintza plana «aukera on bat» dela uste du. «Aspaldiko eskaera da, baina ez dakigu mugikortasun bertikaleko zerrendan sartu duten edo ez».
Pasa den astean egindako batzarrean talde bat osatu zuten hirigintza planaren jarraipena egiteko eta proposamenak prestatzeko. Horretarako, erabakigarria izango da datorren astelehenean, hilaren 14an, egingo duten bigarren bilera. «Eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztuko dugu», dio Apaolazak.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren arabera, udalak Jolastokietako hirigintza planaren inguruko partaidetza prozesu bat egingo du. Era berean, auzotarrekin bilera ireki bat egitea aurreikusten duela nabarmendu du Apaolazak: «Zehazten ez duena da non egingo duten. Gustatuko litzaiguke Herreran bertan egitea bilera, eta ez udaletxean».