Pasealeku Berria oinezkoentzako izatea proposatu du Parte Zaharrean Bizik
Parte Zaharrean dagoen aparkaleku eta trafiko arazoa konpontzeko asmoz, bi proposamen egin ditu Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak: batetik, Pasealeku Berria oinezkoentzako izatea eskatu dute; bestetik, Salamanca pasealekua egoiliarrentzako gune izatea eskatu dute.
Parte Zaharra “helmuga turistikoa” bihurtu dela salatuta, auzo elkartekoek salatu dute turista gehienek “ahalik eta gehien” hurbildu nahi dutela auzora, eta ibilgailua bertan aparkatu. Horren ondorioz, Salamanca pasealekutik sartzen den ibilgailu kopurua aparkalekuen kopurua baino “askoz handiagoa da”.
Gaineratu dutenez, Parte Zaharraren kokalekua kontuan hartu behar da: “Parte Zaharra hiriaren mutur batean dago, hirira sartzeko puntuen kontrako aldean. Antiguatik, Amaratik edo Grosetik Donostiara iritsita, Salamanca pasealekura eta Pasealeku Berrira ibilgailuz sartu nahi izateak hiri osoa zeharkatzea esan nahi du”.
Pasealeku Berria oinezkoentzat izango litzateke Fotografikatik ,eta bertara oinez eta bizikletaz baino ezin izango litzateke sartu. “Inora ez doan trafikoa kenduko litzateke, hiria zeharkatzen duena eta zirkulazio kaosa eragiten duena”.
Ibilgailu pribatua mugatu
Ekialdeko Zabalguneari dagokionean, egoiliarrentzako, zamalanetarako eta larrialdietako ibilgailuentzako sarrera mugatuko eremu bihurtzea proposatu dute, –gaur egun Mari eta Kanpandegi kaleetan gertatzen den moduan–. Honela, salamanka pasealekuko aparkalekuak, TAOrentzat erreserbatutakoak, egoiliarrentzako plazak bihurtzea nahi dute auzo elkartekoak.
“Hiriko trafikoaren pilaketak eta kutsadura indizeak murrizteak Donostiako mugikortasuna hobetzea eskatzen dute”, auzo elkartearen esanetan. Adierazi dutenez, oinezko joan etorriei, garraio publikoari eta bizikletari eman behar zaie lehentasuna, eta ibilgailu pribatua “beharrik gabe erabiltzea eragotzi”.