Atzera 1973. urtera
Kresala elkartearentzat urte esanguratsua da 1973a: abuztuaren 11n 50 urte beteko dira eskuin muturrak bertan atentatu bat egin zuenetik. 50 urte beranduago, Vox alderdiak kultur proposamenak zentsuratzen ditu.
Garaiko ‘Unidad: diario de combate nacional-sindicalista’ egunkarian argitaratutako argazkia. (Argazkia: PEMAN) “Aukeratu beharko dugu Espainia astelehenean 2023an esnatzen den ala 1973an”, bota zuen iragan astean Pedro Sanchezek Espainiako telebista kate publikoko debatean, igandean egin ziren hauteskundeen harira. Bada, emaitzak ikusita, ez dirudi guztiz argigarria orain Espainia aldean zein urtetan bizi diren.
Hala ere, Kresala elkarteko bati baino gehiagori harrabots handia eragingo zion esaldi horrek, 1973ko abuztuaren 11n eskuin muturrak elkartean egin zuen atentatua ekarriko baitzion gogora.
Halaxe kontatu zuen garai hartako Unidad egunkariak: “Gaur goizeko lauretan, Kresala kultur eta aisialdi elkartean bi petardok egin dute eztanda; oraindik ez da jakin petardo horiek zehazki nola osatuta zeuden, ez eta nork jarri dituen ere. Eztandaren ondorioz, lokalaren beheko aldeko bainugela guztia suntsituta gelditu da, eta, horrez gain, kalteak izan dira idazkaritzan, sukaldean eta eskaileretan; halaber, leherketaren hedatze uhina dela-eta, kristal ugari hautsi dira”.
Borroka kulturala
Abuztuaren 11ko hura Kresalaren aurka egiten zuten hirugarren aldia izan zen: lehenengo biak ohar txikiak izan ziren, eta hirugarrenean izan zen leherketa. Garaiko erregimen politikoak Kresala “separatisten eta iraultzaileen habia” zela kontsideratzen zuen.
50 urte pasa badira ere, ez da arrotz egiten zenbaitek euskara eta euskal kultura ezabatzeko darabilten lengoaia. “Jarduera erlijiosoak eta kulturalak” antolatzen zituelako jo zuten Kresala elkartearen aurka: hitzaldiak eta pelikula emanaldiak, besteak beste; eta deseroso zitzaien hori isilarazi asmo zuten.
Azken hilabeteetan hainbat pelikula eta antzerki zentsuratu ditu Voxek agintean dagoen autonomietan eta udaletan, ustez, 2023an.


