«Gorputzera jaitsi eta zer gertatzen zaigun sentitzea, hori da yogaren helburua»
Irakurtzen hasi aurretik, har ezazu une bat zuretzako. Arnasa hartu eta saiatu orainean egoten. Hau ez da bost zentimoko truko bat; arreta eta kontzientzia jartzeko dozenaka modu daudela erakutsi digu Ane Baztarrika Olaskoagak (Gros, 1989). Yoga irakaslea izateaz gain, tindagai naturalekin oihalak egin eta produktu batzuk diseinatu ditu Kurkuma proiektuan. Arteak eta yogak bat egiten dute berarentzat, bizitzeko modu bat proposatuz.
Eskulana, artea eta yoga uztartuko dituen proiektua duzu eskuartean.
Eskulan aldetik oihalen mundua dut: tailer mordoa eman dut Orizomegami gisako japoniar tekniken inguruan, eta baita tindagai naturalen inguruan ere. Bestetik, kultur etxeetan pintura klaseak ematen ditut duela urte mordo bat.
Nire asmoa orain lokal bat irekitzea da. Donostiako auzo batean izatea nahi dut, baliteke Intxaurrondon, yoga egiten ez den leku batean. Eta honela ere, artea Erdialdea edo Gros ez den beste leku batera eraman ahal izatea.
Hiru ildo horien atzean filosofia bera bilatzen duzu, beraz?
Guzti hori bateratzen dut, nolabait. Okendon, adibidez, pintura klaseen aurretik unetxo bat hartzen dugu, eta jubilatu guztiak jartzen ditut meditatzen. Pinturaz gain, lantzen dugu nola harremandu zeure buruarekin eta zeure sormenarekin; egiten duguna guretzako dela eta disfrutatzeko dela kontziente izateko. Enfoke hori saiatzen naiz jartzen bai tailerretan, bai pinturan eta baita yogan ere. Yoga ez da postura bat egin eta argazki bat egiteko, edo ezer demostratzeko, zeure buruarekin ondo egoteko bide bat da.
Zen pintura zer da?
Arte Ederrak amaitu nuenean, marrazkian gehiago sakondu nahi nuen, eta Groseko akademia batean irakatsi zidaten. Brotxa japoniarrarekin hasten zara, eta errepikapenekin banbuak egiten hasten zara; bakarrik banbuak.
Errepikapenean oinarritzen den pintura mota da, eta niretzat mantren modukoa da eta burua kontzientziaren egoera aldatuan sartzen da. Niretzat pintura eta margoa dira zeure burua beste momentu batean jartzea, non presente zauden, eta ez zaren ari pentsatzen atzo, gero edo beste gauzetan.
Pintura txikitatik egin dut, aita margolaria baita, eta beti izan da erreminta bat neure buruarekin konektatzeko, yoga den bezala. Oihalekin eta estanpazioekin txikitatik ibili izan naiz baita ere, eta patroien eta errepikapenen teknika hau eraman nuen estanpazioetara. Zen pintura eta oihalak batu nituen orduan.
Hori da Orizomegami delakoa?
Duela urte batzuk, Japoniara egin nuen bidaia, eta bertan ikasi nituen teknika hauek guztiak. Shiboria, Orizomegamia, sumi-e, tindagai naturalak… Garaiko nire bikotekidea askotan joaten zen Japoniara, eta halako batean, erabaki genuen bertara joatea, hiru hilabetez. Joaten nintzen toki bakoitzean bertako teknika ikasten nuen. Adibidez, aste oso bat egon ginen mendian galduta zegoen eskola abandonatu batean klaseak hartzen. Orizomegamia bertan ikasi nuen.
Orizomegamia da oihalak tolestea forma geometrikoetan, eta partzialki sartzen duzu tindagaian, eta irekitzean forma geometrikoetan ateratzen da margotuta. Askotan sorpresa da, baina beti ondo ateratzen da!
Tindagai naturalak egiten ikasi nuen baita ere, soja esnearekin, adibidez. Tailerrak ematen ditudanean soja eta pigmentuekin tindagaiak nola egin erakusten dut. Tindagaiak oihaletan fijatzea asko kostatzen da eta kutsakorra izan ohi da; tindagai naturalei esker, hau ekiditen ikasi nuen.
Hondakinekin egiten dituzu tindagaiak, ezta?
Yoga praktikarako kuxin batzuk egin nituen eta horiek pintatzeko hondakinekin egindako tindagaiak sortu nituen: ahuakate hezurra, tipularen azala eta kurkuma, besteak beste.
Nire marka sortzen hasi nintzenean, koherentzia oso inportantea izan zen. Oso kutsakorra den industria batean sartzea, eta gauza kutsakorrak egitea saltzeko eta kontsumitzeko. Tailerrak egitea lehenetsi nuen, produktuak sortu beharrean. Honela ere, jendeari erakutsi niezaiokeen badaudela beste modu batzuk.
Instagramen gauzak partekatzea asko kostatzen zait, ez zait gustatzen. Tindagaien prozesuan magia handia dagoela iruditzen zait, eta erakusten nuen bakoitzean jende pila batek esaten zidan «zer guay». Etxean ez dugu horrelakorik egiten, eta ikustea modu natural batean, etxean dituzun gauzekin, gauza ederrak lortu ditzakezula… Amak eta lagunek tipula azalak eta ahuakate hezurrak ekartzen dizkidate!
Kurkuma proiektuan bildu duzu hau guztia.
Bai, produktuak egingo ditut, baina ez da nire bide zentrala. Gehiago disfrutatzen dut jendearekin egoten, eta yogak eman dizkidan onurak transmititzen.
Tindaketak nik egiten ditut, baina Kool Studioko Karmelek josten ditu emakume artisauekin proiektu oso interesgarri bat duena. Tipularekin eta kurkumarekin tindatzeak horrek dakarren onurekin konektatzen du. Tipula hemengoa da, eta kurkumak Ayurvedarekin lotutako onura mordoa du. Zikloa ixtea da: yogarako eraman behar duzun zerbait ez erostea Oyshon, hemengo norbaiti baizik.
Jasangarritasuna lantzea da asmoa?
Ziklikoa dena interesatzen zait: erabiliko ez dena berrerabiltzea. Gainera, naturala den zerbait gainean eramatea interesgarria da.
Eta emaitza beti da desberdina.
Kolore ezberdinak ateratzeak emaitza bakoitza bakarra egiten du. Denoi gustatzen zaigu aukeratzea, eta norberak badu bere kolore propioa. Prozesua balioan jartzea dakar horrek. Uniformetasunaren aurrean, bakoitza ezberdina izateak badu balio bat, eta jakitea nork egin duen. Agian ez da perfektua, baina hor badago magia pixka bat.
Zer bilatzen duzu tailerretan?
Orizomegami tailer baten egitura da tindagaia nola egiten den azaltzea, lehenik. Ondoren paperarekin probak egiten ditugu; emaitzak ez dira hain erraz ateratzen eta jendeak ez daki ondo… Azkenean oihalarekin egiten dugu, eta hor bai oso politak ateratzen dira, eta pozik joaten dira etxera, euren sorkuntzarekin. Beti ateratzen da ondo. Hori erakutsi nahi dut: «Nik ezin dut, nik ez dakit…». Emaitza kontrolatu ezin denean, askatzea lortzen dugu, eta bideaz disfrutatzen ikasten dugu; eta ez konparatzea gainontzekoekin.
Bizitzarako irakaspen bat da orduan?
Hori da, niretzako artearen bidez, zein yogaren bidez, bizitzarako baliabideak ikasten ditugu: emaitza ahaztu eta bideaz disfrutatu, geuretzako baita!
Yogari lotuta, asko zabaldu da egun, baina kirol mota bat dirudi gehiago.
Ez gaude Indian, eta beraz, ezin dugu zerbait «mistikoegia» egiten dugula saldu. Gure testuingurua hori da: lanetik atera eta yoga klase batera sartzen zara. Denbora guztian dugu burua azkar-azkar. Gelditzen garenean ohartzen gara zertan ari garen, zer gertatzen zaigun, zer sentitzen dugun. Nik uste dut horrek onura pila bat dituela. Onura fisikoa ere hor dago: flexibilitatea lantzen da, indarra lantzen da eta minak saihesten dira. Buruaren eta gorputzaren oreka hori bilatzea da helburua. Yogaren praktika zeure buruarekin konektatzeko modu bat da, disfrutatzeko eta sentitzeko.
Ni pilates egiten hasi nintzen txikitan, baina konturatu nintzen yogak beste zerbait ematen zidala; ingurunearekin nuen harremana aldatu zitzaidan, bakean nengoelako. Egunerokotasunean pizten zaizkigun tontakeria txikiak erlaxatzeko balio du. Honelako onurak errazak dira lortzen yogarekin.
Horregatik ari da hainbeste jende yogan?
Horregatik jarraitzen du jendeak. Agian sartzen da modan dagoelako edo medikuak esan diolako, baina gero jendeak onurengatik jarraitzen du. Batzuk, agian, gehiago sakontzen dute eta filosofia ikasten dute, baina beste batzuk ez. Gutxi dira sartzen direnak zerbait mistikoa delako; gorputzetik sartzen da jendea.
Osasun mentala oso presente dugu egun, horrek ere zerikusirik ba al du?
Egun askoz gehiago hitz egiten dugu horretaz, eta leku gehiago du gizartean. Klaseetan igartzen dut, iritsi bezain pronto hasten da jendea partekatzen zer gertatzen zaion. Batzuetan delikatua da, ez duelako terapia bat ordezkatzen, baina zure burua zaintzeko bide ona da.
Yogak egunekotasunerako tresnak ematen dizkizu. Arnasketa, adibidez: oso goian arnasten dugu normalean, bularretik. Dena ez dator burutik. Agian bularretik arnasten hasteagatik ari zara urduri jartzen eta dena gaizki ikusten. Sabelaldera jaisten bazara lurra hartzen duzu eta erregulatu egiten zara. Horrelako erremintak ematea zoragarria iruditzen zait.
Aurreiritzi handiak daude?
Bai, asko. Erantzun tipikoak dira: «Ez naiz flexiblea, ezingo dut egin; urduriegia naiz; zerbait kañeroagoa behar dut…» eta horrelakoak. Ez zara zerbaitetan sartzen oso ona zarelako horretan, ezta? Zerbaitetan hobetzeko bidea da. Ez bazara flexiblea, edo oso urduria bazara, honek lagunduko dizu zeure burua erregulatzen. Erresistentziak izango dituzu, baina gainditu ezkero, onurak izugarriak izango dira.
Ez da emaitza jakin bat lortu behar, baina minik gabe bizitzen lortu beharko genuke. Beti bizkarreko eta lepoko minez ezin gara egon ezta? Nik nabaritzen dut bi astetan yogarik egiten ez badut, gorputza gogortzen hasten zaidala!
Meditazioa egiten duzue pinturaren aurretik… nolakoa da?
Badirudi meditazioa dela harri batean esertzea eta ordubete egotea ezer egin gabe. Niretzat meditazioa zerbaitetan enfokatzea da, eta hor mantentzea. Meditazioa sartu daiteke pinturan, yogan, arnasketan, ibiltzean, entzumenean… Bizitzan horrelako momentuak sortzea da gakoa: sukaldean dantzatzea ere izan daiteke.
Iluminazioarekin lotzen dela dirudi.
Bai, eta badirudi izan behar duela zerbait oso elebatua: «Gehiegi ari naiz pentsatzen, ez naiz ondo egiten ari». Ohera joaten zarenean gertatzen dena da, bat-batean burua bakarrik hasten da funtzionatzen: gelditzen garenean gure erreprimitutako pentsamendu guztiak agertzen direlako kolpetik.
Taldeak nola hartzen du meditazioarena?
Saiatzen naiz egoera irakurtzen, eta ikusten badut ez dutela sekula harremanik izan, beste moduren batean txertatzen. Postura bat hartzeko eskatzen diet, begiak ixteko, eta arnasketa batzuk egiten ditugu. Honen helburua da jendea klaseetan ez egotea pilotu automatikoarekin: «Hau da egin behar dudana, ondo egin behar dut». Ondo eta perfektu hitzak kentzea da nire helburua, praktikak iraun bitartean, behintzat. Emaitza burutik kentzea eta esperimentazioan zentratzea. Aurrean duzunarekin konektatzea.
Esaldi hau irakurri nuen behin: «Mundu guztiak meditatu beharko luke 20 minutuz, eta denborarik ez duenak, ordubete».
Azkarregi bizi gara eta gelditzeko beldurra izaten dugu; hutsune horretan zer dagoen ez dakigulako. Era berean, oso mentalitate praktikoa dugu: «Egon behar naiz denbora guztian zerbait praktikoa egiten, pertsona funtzional eta baliogarria izan nadin gizarterako».
Badago aurreiritzi bat yogako jendea flotatzen bezala bizi dela, erdi drogatuta edo… Hori ez da yoga. Yoga ez da denbora guztian erlaxatuta bizitzea, inor ez dago 24 orduz iluminatuta. Denok ditugu emozioak eta kontua da jakitea zer gertatzen zaigun, identifikatzea eta erregulatzen ikastea. Unean uneko gure beharrak identifikatzen ikasi behar du gizarteak, eta pum pum pum erritmoan bazaude, pilotu automatikoan, egin eta egin, ezin da. Gorputzera jaitsi behar dugu eta sentitu zer gertatzen zaigun, hori da yogaren helburua.
Kirola praktikatzeak badu zerbait oso kontsumista egun.
Bai, gizaki perfektua izateko bide bat dirudi. Tarteka geure buruari gogorarazi behar diogu ea noiz izan garen zoriontsuen: argal, indartsu eta langile zeundenean, edo hondartzan lasai asko botata zeundenean? Zer da zoriontsu egiten gaituena? Horra bideratu behar dugu gure bizitza, eta ez gutaz espero den horretara. Yogarekin horrekin konektatzea errazagoa da, matxake klase batean baino, edo helburu eta lehiaren araberako praktika batean baino.
Zer esango zenioke aurreiritzi horiek dituen jendeari?
Ez zait gustatzen jendea konbentzitu beharra. Sentitzen baduzu gorputza askatu nahi duzula eta zure urduritasuna landu nahi baduzu, onura pila bat ekarriko ditu. Probatzea da gakoa, irakasle eta teknika mordoa daudelako, eta ez da Instagramen edo sare sozialetan ikusten den yoga.
Bizitzeko modu gisa ikusten duzu yoga?
Zeure burua zaintzeko bide moduan.
Yogaren eta hilerokoaren harremana ikertu zenuen.
Yoga formazioko nire ikerketa lana izan zen. Yogaren tradizioa oso maskulinoa izan da; hasieran soilik gizonek praktikatzen zuten. Helburua beti berdin praktikatzea da. Ashtanga teknika beti sekuentzia berdina da, beti berdina egiten duzu. Mila mito daude: hilerokoa baduzu, ezin duzula alderantzikatutako posturarik egin, adibidez. Horren atzean zer dagoen ikustea bilatzen nuen, eta zer den hemen bizi den emakume batentzat hoberena yoga praktikatzeko: exijentzia kentzea eta gorputzera jaistea, eta gaur eta hemen zer egin nahi dudan.
Egun, hilerokoaren konexioarekin mugimendu handia dago. Min asko beste modu batera tratatu daitezkeela ikusten dugu, eta ez bakarrik pastillekin. Zure ziklikotasunarekin konektatu ezkero, eta beti berdin funtzionatzeari uko egiten badiozu, beste modu batean bizi dezakezu. Gizarteak ematen dizunarengandik aldendu; apur bat korrontearen kontra joatea da batzuetan, gure gorputzetan arreta jartzea.
Egun, ez bakarrik Donostian, mundu osoan zehar, yoga praktikatzen dutenen ehuneko altuena emakumeak dira. Ordea, eskola magistralak eta horrelakoak gizonek ematen dituzte beti. Aldatzen ari da, baina poliki-poliki. Donostian yoga estudio gehienak emakumeek ireki dituzte. Hori ederki dago, baina gizonek ere gehiago praktikatu dezatela, denontzako da eta onuragarria.