«Ligaren eta Kontxaren bila jarraituko dugu»
Maialen Alkorta, Donostiarrako arraunlaria Donostiarrako neskek liga hasiera bikaina izan dute. Ekainean lortutako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek sekulako indarra eman zioten taldeari Euskotren ligan lehiatzeko. Donostian irabazitako bandera Kontxako banderarako entrenamendu psikologikoa izan da arraunlarientzat, eta gogotsu daude datorrenari begira.
Zer moduz doa arraun denboraldia?
Gustura gaude egindako lanarekin. Hasieran ez genuen inongo espektatibarik, eta gure helburua entrenatzen hastea zen, iazkoaren jarraipen bat eginez. Ilusio handiarekin hasi genuen, oso indartsu, eta horrela jarraitzen dugu. Egia da gero lehiaketak zure lekuan jartzen zaituela, eta besteek ere lana egiten dutela. Baina, egia esan, oso gustura gaude taldearekin, entrenatzailearekin, eta orokorrean proiektuarekin. Iruditzen zait Donostiarran gauzak ondo egiten ari direla.
Orain arteko estropadak nola bizi izan dituzue?
Oso gogorrak dira estropada guztiak. Zortzi traineruak hor gaude, eta beti esaten dut Euskotren ligako banderaren bat irabazteko ez dela nahikoa onena ematea, akats gutxien egitea baizik. Horrekin irabazten baita. Horretarako hamar edo hamaika minututan %100ean kontzentratuta egon behar zara. Horrez gain, erregularragoak izatea gustatuko litzaiguke. Galizian ez genuen estropada ona egin, ez genuelako gure arraunketa lortu. Donostian, ondo atera zitzaigun, gure arraunketa berreskuratu genuen. Zierbenan, berriro, Galiziako berdina gertatu zitzaigun. Horregatik, ateratzen dudan ondorioa zera da: guk gurea egiten dugunean, hor gaude; baina, guk gure lana egiten ez badugu, akabo. Guk gurea eginez gero, goian ibiltzeko gai gara.
Aurten, zortzi traineruk osatzen duzue Euskotren liga, eta liga hasiera oso ona izan duzue. Espero zenutena izan da?
Galiziarrei buruz ez genekien ezer. Jaitsieretara etorri ez direnez, ez genekien nola ibiliko ziren; zalantza hori genuen. Beste traineruei dagokionez, jaitsieretan bakoitzaren maila ikusi dezakegu. Azkenean, lehiaketa da kontuan hartu behar duguna. Bagenekien gauzak oso estu ibiliko zirela. Orio beti ondo ibiltzen da, Arraun Lagunak ere badakigu azken urteetan oso ondo dabilela, eta Tolosaldea ere gauzak oso ondo egiten ari da. Orduan, bagenekien hiru horiek eta gu goiko postuetan ibili gintezkeela, Hondarribiak eta Hibaikak ere gauzak ondo egiten dituztela ahaztu gabe.
Neguan, taldeak halako maila emango zuela uste zenuen?
Egia esan bai, taldean esperientzia handiko jendea daukagu. Gero azkenean, ligak jartzen zaitu lekuan. Nik uste dut goian ibiltzeko edo banderagatik borrokatzeko aukera ikusten genuela, hori bai.
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabaztea oso pozgarria izan zen klubarentzat, espero zenuten biak irabaztea?
Egia esan, oso pozik gaude lortutakoarekin. Orain, kontziente gara aurretik dugun guztiaz, berez garrantzitsuena hori dela, liga eta Kontxako bandera irabaztea. Gipuzkoari eta Euskadiri balioa kendu gabe, asko poztu gintuen bi txapelketak irabaztea, zure lanaren errekonozimendua baita. Txapelketa hauekin, trainerua ondo doala eta udan lehiakorra izango dela ikusi dezakegu.
Presioaren aldetik, nola bizi dituzue estropadak?
Taldean orokorrean ez dugu kanpoko inongo presiorik sentitzen. Azkenean, kirolariak lehiakorrak gara, eta bakoitzak bere buruari ezartzen dion presioa da kontuan hartzen duguna. Gure helburua beti irabaztea izango da. Helburuak epe laburrekoak edo epe luzekoak izan daitezke, baina nire helburua entrenamendu bakoitzean %100 ematea izango da, beti. Estropadetan estatxa hartzen dugun momentutik edo trainerua uretara bota aurretik, %100 ematera eta dena irabaztera ateratzen gara. Ahaztu gabe mila aldiz esaten dudana, lehiaketak zure lekuan jarriko zaituela.
Entrenamenduak denboraldi hasiera honetan asko aldatu al dira?
Bai, nik uste dut aurten izan dela alderdi horretan salto bat eman dugun urtea. Fisikoki entrenamenduak askoz gogorragoak izan dira, eta horrek ere uretan indarra eman digu. Donostiarrak nesken proiektua hasi zuenetik hemen nago, eta eboluzio guztia ikusi dut zentzu horretan. Urtez urte joan gara geroz eta gehiago eskatzen, taldea lehiakorragoa izaten. Azkenean, goian ibili nahi baduzu urtero gehiago estutu behar duzu.
Galizian itsasoratzeko arazoengatik lehenengo jardunaldia bertan behera utzi izanak asko aldatu zuen egun horretako entrenamendua?
Galizian, larunbateko estropada bertan behera utzi zuten, eta guk estropada egiteko gogo izugarria genuen, trainerua uretara botatzeko eta estropada egiteko. Talde guztientzat zaila izan zen egun horretan arraunik ez egitea. Gero, igandean, gure akatsengatik ez zitzaigun estropada ona atera. Hortaz, asteburu hori ez zen erraza izan. Hala ere, oso argi dakigu gure lana zein den, eta hori egiten jarraitu behar dugu. Zailena izaten da entrenamenduetan egiten duguna ondo edo gaizki dagoen zalantzak ditugunean. Zentzu horretan, zalantzak ez ditugunean, eta ondo entrenatzen ari bagara, hori da jarraitu behar dugun bidea. Hala ere, arriskua daukazu momentuko antsietateagatik, landutakoa estropadan ondo edo gaizki atera daitekeelako.
Itsasoan ere faktore ugari daude oso aldakorrak direnak eta estropada erabat aldatu dezaketenak?
Faktore asko daude. Gure kasuan, patroiak eta entrenatzaileak guztia aztertzen dute, eta gero arraunlarioi esaten digute zein den plana edo estrategia. Taldeak dituen ezaugarrien arabera, egoera batzuk hobeak edo okerragoak izan daitezke. Itsasoa horrelakoa da. Kaleei dagokion moduan, kale txarra tokatzen bazaizu, kale hori edozein baldintzatan borrokatu beharko duzu, eta itsasoarekin gauza bera.
Aurtengo berritasunetako bat erlojupeko bakarra izan duzuela da. Aldaketa handiak daude estropada hauetan?
Bilbokoa berezia da, ibaian egiten den erlojupekoa baita. Estropada oso fisikoa den arren, teknika ere zaindu behar da. Gainera, ez dago olaturik, eta ez ditugu besteen erreferentziak alboetan. Estropada normal batean, lau traineruk lehiatzen dugu, eta alboetan erreferentziak ditugu. Ibaian egiten den erlojupekoan, erreferentzia gutxiago dituzu. Gure kasuan, Bilbon Orio eta Arraun Lagunaken erreferentziak ez genituenez, zailagoa izan zen. Baina, beste alde batetik aipatu behar da, alboetan inor ez daukagunez, gure arraunketa mantentzeko arazo gutxiago ditugula.
Zer nolako entrenamenduak egiten dituzue estropada hauek prestatzeko?
Pasaian entrenatzen dugu. Hainbat zonalde dituenez, errazagoa da. Barruko zonaldea, lasaiagoa dena, ibaiko estropadak lantzeko erabiltzen dugu. Bestalde, San Pedroko bokalea daukagu, eta bestela, itsaso zabala. Guk estropada guztiak lantzeko zorte hori daukagu. Bilbon adibidez, ibilbidea ez da zuzena, ibaiak kurbatxo bat du, eta hori lantzeko ere aukerak ditugu portuan.
Nola bizi zenuten Donostian lortutako garaipena?
Oso berezia izan zen guretzat. Mutilek ere bandera lortu zuten, eta klubarentzat egun borobila izan zen. Etxean estropada ona egitea eta irabaztea sekulakoa izan zen. Egia esan, ez da Kontxako ibilbide bera, baina bertan izan zenez, uste dut psikologikoki batez ere, Kontxa prestatzeko ondo datorkigula. Liga irabazteari ez diogu ezetz esaten, eta Kontxako banderari gutxiago. Kontxako bandera zerotik hasten denez, guztiok irabazteko aukera berdinak ditugu. Orain arte bezala jarraituko dugu lanean, ligaren bila eta Kontxaren bila.
Kontxako bandera irabaztearekin amesten duzue?
Noski, ere liga irabaztearekin ere amesten dugu. Nahiz eta igandekoa gertatu, taldeak eta nik argi daukagu matematikak ezetz esan arte, guk lanean jarraituko dugula. Estropada guztiak irabazi behar izanagatik ere, ligarekin amesten jarraituko dugu. Probabilitatea txikia den arren, nolabaiteko aukerak daude.

