Euskal Itsas Museoak sorkuntza artistikorako deialdia zabaldu du
Euskal Itsas Museoak, Boga Boga festibalarekin elkarlanean, sorkuntza artistikorako deialdia zabaldu du. Deialdiaren helburuak itsas ondare kulturala balioan jartzea eta interpretazio artistiko berriak sustatzea dira. Horretarako, artistei tina —erditik ebakitako egurrezko upela— bana emango zaie, eta estropadei buruz duten ikuspegia islatu beharko dute bertan. Proposamenak abuztuaren 25era arte bidali daitezke esteka honen bitartez, eta proiektuak irailaren 8an eta 9an gauzatu beharko dira Boga Boga festibalaren barruan.
Lau tina margotuko dira, eta artistek sorkuntzarako 400 euroko laguntza edukiko dute tina bakoitzeko, eta beste 400 euro ekoizpenerako, dietetarako eta garraio gastuetarako. Horrez gain, Boga Boga jaialdirako sarrera ere eskuratuko dute, eta Kontxako Banderaren sailkapen estropada zuzenean ikusteko aukera izango dute museoko ganbaratik. Deialdiaren oinarriak hemen daude ikusgai.