Hamabostaldi Solidarioa izango da 84. Musika Hamabostaldiaren lehen eguneko berritasuna
Ostegunean, hilaren 3an, Donostiako 84. Musika Hamabostaldia hasiko da, eta lehenengo egunerako egitaraua aurkeztu dute Kursaalean. Doako lau kontzertuk eta aurten berreskuratuko duten Hamabostaldi Solidarioak hasiera emango diote aurtengo jaialdiari. 84. Hamabostaldian, Zorroagako eta Aldakoneako egoitzetan kontzertuak eskainiko dituzte, egoiliarrentzat, haien senideentzat eta bertako langileentzat.
Pandemiagatik bertan behera utzi behar izan ondoren, Hamabostaldi Solidarioa berreskuratuko dute. Aldakonean, Julia Blasco sopranoak eta Luken Munguira tenorrak nazioarteko musikari ospetsuenen (Donizetti, Mozart, Soutullo…) abestiak interpretatzeaz gain, Jesus Guridiren eta Gabriel Olaizola lanen aukeraketa bat eskainiko dute, euskal musikari garrantzia emanez. Kontzertua 11:30ean hasiko da, eta arratsaldean, aldiz, Zorroagan musikaz gozatzeko aukera izango dute bertako egoiliarrek. Bertan, Suzana Nadejde sopranoa izango da, Javier Hombriak pianista lagunduta, eta Puccini, Bizet, Rossini edo Bernsteinen piezekin errezitaldia osatuko dute. Zorroagako kontzertua 17:30ean hasiko da.
Ostegunean, urteroko legez, doako kontzertuak antolatu dituzte. Anacronia Ensemblek egunari hasiera emango dio udaletxeko batzar aretoan, 12:00etan. Taldeak ganbera kontzertua emango du, eta ahots, biolin handia eta klabe kontzertua eskainiko dute, Johann Sebastian Bachen eta Carl Friederich Abelen abestiak interpretatuz. Egunari jarraipena emanez, 18:00etatik aurrera Nacho Castellanos kontratenorrak Gato Murr bere taldearekin batera arituko da udaletxeko batzar aretoan. Lehen barrokotik hasita, Mozarten klasizismora arteko piezak interpretatuko dituzte.
Kresala dantza taldeak Zerumugan ikuskizuna eskainiko du udaletxeko terrazan, 19:00etan. Emanaldia euskal nabigazioaren Urrezko Aroan oinarrituta dago, eta hori kontuan hartuz, Bernart Etxepare eta Joxean Artzeren poemak musikatu eta dantzatuko dituzte. Ikuskizunak dantza, musika eta hitza bilduko ditu. 20:30ean, Vocalia emakumeen koru taldeak Arima sakra kontzertua eskainiko du San Bizente elizan. Kontzertuan, Oscar Rodriguez Pastora eta Nerea Gonzalez soprano bizkaitarraren laguntza izango du taldeak, musika erlijiosoaren ikuskizuna sortuz.
Doako kontzertuez gain, ostegun honetan (hilaren 3an) Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak Kursaaleko kontzertu zikoari hasiera emango dio. 84. Musika Hamabostaldiaren egitaraua osorik webgunean aurkitu dezakezue, eta beste kontzertuetarako sarrerak dagoeneko webgunearen bitartez erosi daitezke.