Andre Silva txuri-urdina da
Zurrumurruak baieztatu dira: Andre Silva aurrelari portugaldarrak (Gondomar, Portugal, 1995) Realean jokatuko du 2023-2024ko denboraldian, utzita. RB Leipzigetik dator Silva, eta klub txuri-urdinak akordioa lortu du klub alemanarekin, 2024ko ekainaren 30era arte Silvak utzita jokatu dezan Realean. Horrez gain, denboraldia amaituta, jokalaria erosteko aukera izango du Realak.
Silva Portoko azpiko kategorietan trebatu zen, eta 20 urterekin debutatu zuen lehen taldean. Han bi denboraldi on egin ondoren, 24 gol sartuta, 38 milioi euro ordaindu zituen Milanek jokalaria fitxatzeko. Italiako klub historikoan hamar gol lortu zituen denboraldi horretan, eta Sevillara joan zen utzita. Klub andaluziarrak hamaika gol sartu zituen, eta 2020-2021eko denboraldian Eintrachtera joan zen utzita; urtebete geroago, bere eskubideak erosi zituen talde alemanak. Silvak bi denboraldi bikain egin zituen talde Eintrachten, guztira 45 gol sartuta. Horri esker, Leipzigek fitxatu zuen, 23 milioi euro ordainduta eta azken bi denboraldietan 26 gol sartu ditu. Hain zuzen ere, Realari gol bat sartu zion Anoetan, Europa Ligako kanporaketan.
🔥 𝐊𝐈𝐋𝐋𝐄𝐑 berri bat dago hirian#AurreraReala pic.twitter.com/jC0vzSRGIH
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) August 2, 2023
Min hartuta dator Silva Realera, beraz, momentuz baja izango da; hain zuzen ere, bere ibilbidean hainbat lesio izan ditu portugaldarrak. Realak aurrelari bat fitxatu beharra zuen, Sorloth ez fitxatzea erabaki baitzuten, Sadiq lesiotik ateratzen ari baita eta David Silvak Reala utzi baitu. Portugaldarra ez da uda honetako lehenengo fitxaketa, ekainean Hamari Traore fitxatu baitzuen klub txuri-urdinak.
Jokalaria pozik agertu da Realean jokatzeko aukerarekin: “Pozik nago. Hau da eman nahi nuen pausoa, Ligan, Realean jokatu”, adierazi dio Realari. “Duela bi urte jokatu nuen estadio honetan, oso energia ona sentitu nuen eta itzultzeko eta lehenbailehen lehiatzen hasteko ilusio handia dut”, gehitu du.