Arrandegi eraikineko igogailuarekin arazoak izaten ari dira, eta lanen kontratua partzialki eten dute
Bretxako Arrandegi eraikinean kirol eremu bat egiteko lanen kontratua partzialki etetea erabaki du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Lanen zuzendaritza fakultatiboaren txosten batek eskatuta eten dute kontratua: “Baika Mercados S.L. enpresak ez du gauzatu kirol pistara sartzeko igogailuari eusten dion egiturazko elementua. Hori dela eta, igogailua muntatzeko lanak ezin dira egin. Igogailua instalatzeko ezintasunak berekin dakar, zeregin kritikoa denez, igogailua hartzen duen komunikazio nukleoa ezin errematatzea eta obraren eremu horretako lanekin ezin jarraitzea. Horregatik, beharrezkoa da obra eremu horretako lanak bertan behera uztea”, dio txostenak, Tokiko Gobernu Batzordearen dokumentuan jaso dutenez.
Hau da, Baika enpresa arazoak izaten ari da igogailua behar bezala instalatzeko, eta, beraz, kontratua partzialki eten behar izan du udalak. Horrela, udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, irailean lan horiekin berriz hasteko moduan egongo dira ziur aski. Tokiko Gobernu Batzordeak iazko azaroan adjudikatu zuen Arrandegi eraikinean kirol pista egiteko proiektuaren lanen kontratua, 1.483.272,16 euroko prezioarekin eta lanak zortzi hilabetean egiteko epearekin. 2023ko urtarrilaren 16an hasi zen epe hori, beraz, lanak irailaren 16rako bukatzea aurreikusten zen. Orain, ordea, ikusi beharko da igogailuarekin izaten ari diren zailtasunek lanak atzeratzen dituzten.
Arrandegi eraikineko lanak azken fasean murgilduta daude, eta gogoratu behar da eraikin horretan bi instalazio nagusi egongo direla: kirol pistak goiko bi solairuetan eta Parte Zaharreko anbulatorioa behean. Kirol instalazioak Donostia Kirolak kudeatuko ditu eta anbulatorioa Osakidetzak. Era berean, Bretxako plazako sotoan dauden elikadura establezimenduak Arrandegi eraikinaren azpira mugituko dituzte. Hori egiterakoan, plazaren erdian dagoen egitura –Tupperware izenez ezaguna– eraitsiko dute.
Horrez gain, Lurra izeneko eremu bat ere izango du Arrandegi eraikinak: 850 metro koadroko lokala izango da, eta Arrandegi eraikinaren lehen solairuan egongo da, merkatu berriaren gainean. Ekoizleen, zaharberritzaileen, ostalarien eta zuzeneko salmentara, ikastaroetara eta dastaketetara, bileretara, produktuen aurkezpenetara eta ekitaldietara bideratutako gune bat izango da.
Atzerapenak Bretxan
Bretxa inguruko lanek hainbat atzerapen izan dituzte dagoeneko, kirol instalazioak eta. Hasiera batean, Bretxako merkatu berria 2023ko urtarrilean irekitzea aurreikusi zuen udalak, baina beste proiektu askorekin gertatu den moduan –Astiñeneko zubia izan da azkenaldian atzerapen gehien izan dituenetako bat– irekiera data atzeratzen joan da, agerikoa den moduan.
Gaur egun Arrandegi eraikinaren kanpoaldean behin-behineko karpa zuri batean dauden baserritarren postuekin ere atzerapenak izaten ari dira. Izan ere, 2019tik daude hor baserritarrak, San Juan kaletik hara eraman zituztenetik, Arkuak eraikina berritzeko. Bretxako plaza berrantolatzean, kristalezko pergola batean kokatuko dituzte baserritarren postuak. Bakoitzak gehienez 5 metroko zabalera eta gutxienez 3,50 metroko altuera librea izango du. Kristalezko egitura osoak Bretxako merkatuaren aurrealdearen zabalera hartuko du, eta hormatik 20 zentimetrora egongo da, postu bakoitzaren markesina ixteko elementuek aurrealdea ez ukitzeko. Hain zuzen ere, postuak ireki eta itxi ahal izango dira plazako eremu hori gauetan libre uzteko.
Martxorako ziren prest egotekoak baserritarren postu berriak, baina oraindik behin-behineko kokalekuan jarraitzen dute. Martxoan, Eneko Goia alkateak uda ingurura arte ez zirela prest egongo postu berriak. Abuztua hasi berri da, eta baserritarrek karpan jarraitzen dute.