Lurra izeneko eremua jarriko dute Bretxako Arrandegi eraikinean
Euskal produktuak erosi eta dastatzeko 850 metro koadroko gunea izango da, eta ekainean irekiko dute.
Bretxako merkatu berria iragarritakoa baino beranduago irekiko dute. 2023ko urtarrilaren 31rako irekita egongo zela aurreikusi zuen udalak, baina martxora arte atzeratu du irekiera Baika enpresa emakidadunak. Hain zuzen ere, plazako sotoan dauden elikadura establezimenduak Arrandegi eraikinaren azpira mugituko dituzte. Hori egiterakoan, plazaren erdian dagoen egitura –Tupperware gisara ezaguna eraitsiko dute.
Arrandegi eraikinak Lurra izeneko beste eremu bat izango duela iragarri du Baika enpresak. 850 metro koadroko lokala izango da, eta Arrandegi eraikinaren lehen solairuan egongo da, merkatu berriaren gainean. Ekoizleen, zaharberritzaileen, ostalarien eta zuzeneko salmentara, ikastaroetara eta dastaketetara, bileretara, produktuen aurkezpenetara eta ekitaldietara bideratutako gune bat izango da. Ekainerako irekitzea aurreikusten dute.
Lurra Bilboko Erriberako, Gasteizko Hornidura Plazako eta Lurra.eus merkatuetan ere egongo da.
Anbulatorioa, udaberrirako
Osasun zentroaren obrak, berriz, udaberrirako bukatzea aurreikusten du enpresak. Orduan, Osakidetzaren esku utziko du beharrezkoak diren osasun materialekin hornitzeko.
Aldiz, kirol instalazioaren inguruko eperik ez dute eman. Lanak aurrera doaz, eta eraikinaren azaleraren ia erdia hartuko du bigarren eta hirugarren solairuen artean. Sarbidea Aldamar kalean egongo da, kale mailan, irisgarritasuna bermatuz.
Bigarren solairuan egongo da kirol pista: gutxi gorabehera 34×18 metroko altuera bikoitzeko espazioa izango du. Kirol mota desberdinak egin ahalko dira han. Hirugarren solairuan, berriz, irakaskuntza gela bat, komun egokituak eta pasabide bat jarriko dituzte. Pasabide hori balkoi gisa eraikiko dute, eta pistaren luzera ardatzaren araberakoa izango da. Hango jarduerak ikustea ahalbidetuko du.