Kontxako eta Ondarretako gabarroiak kendu dituzte biharko iragarrita dauden olatuengatik
Itsasoaren egoera okertu egingo da hurrengo orduetan, eta biharko hiru metrotako olatuak espero dira. Hori dela eta, Donostiako Udalak hainbat neurri hartuko ditu, eta Kontxako eta Ondarretako gabarroiak kentzea erabaki du. Gabarroiak kentzeaz gain, Santa Klara uharteko joan etorriak gaur (hilak 2) 14:00ak arte soilik egongo dira zabalik. Bihar (hilak 3) ez da zerbitzurik egongo, eta kalteak eragozteko bertako komunak eta sorospen etxea itxita mantenduko dituzte. Aurreikuspenen arabera, ostiralean normaltasuna bueltatuko da; uharterako itsasontziak berriz ere funtzionatuko du eta gabarroiak jarriko dituzte.