Kristinaenea parkeko bizi aldaketak biltzen dituen liburua argitaratu dute
Cristina Enea fundazioak hilabetez hilabete parkeak izaten dituen loreen eta animalien aldaketak biltzen dituen liburua argitaratu du. Liburuak Kristinaeneako faunan eta floran ikus daitezkeen aldaketa eta gertakari natural nagusiak biltzen ditu, eta aldaketa hauek urtaroen arabera sailkatuta daude. Hilabete bakoitzari buruzko informazio puntualaz gain, liburuak eskaintzen dituen datuak osatzeko atal bat dauka liburuak, irakurleak osatu ahalko duena.
Liburua idazteko ideia pandemian sortu zen, eta Jose Maria Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, hilabete bakoitzeko fitxak batu eta eguneratu zituzten liburua osatzeko. “2020an, segurtasun eta osasun neurriek kalera irteteko aukera eman zigutenean, Cristina Enea parkean eta bertako biztanleengan hauteman daitezkeen aldaketak herritarrei erakustea proposatu genuen, hilero argitaratzen genituen fitxekin”, adierazi du Hernandezek aurkezpenenean.
Argitalpen berriaren irudiak Amaia Torres ilustratzaile donostiarrak egin ditu; ilustrazio naturalen arloan ibilbide luzea du donostiarrak. Liburuarekin batera, Kristinaenea parkeko A4 neurriko mapa bat dator. Bertan, landare eta animalia bakoitzaren kokapen zehatzak azaltzen dira, eta bertan erraz kokatu daitezke elementu nagusi gehienak.
Euskaraz eta gazteleraz argitaratutako argitalpen mugatua da. Dagoeneko 10 euroren truke eskuratu daiteke Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen Etxean edo Donostia Berdea parke eta lorategiei buruzko informazio gunean, parkeko sarrera nagusiaren ondoan.