Urrea Iñigo Llopisentzat
Iñigo Llopis donostiarrak lehen postua eskuratu zuen asteartean 100 metro bizkarreko proban, S8 kategorian, Manchesterreko (Ingalaterra) Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan.
Llopisek atzetik aurrerako lana egin behar izan zuen munduko txapelketa bereganatzeko, lehen 50 metroen ondoren Kota Kubota japoniarra segundo bat eta 21 ehunen bizkorrago baitzihoan. Probaren bigarren zatian, ordea, japoniarrari aurrea hartzea lortu zuen, eta 1:05.32 eginda iritsi zen podiumeko koskarik garaienera. Kubota izan zen bigarren (1:06.40), eta Sam Downie britainiarra hirugarren (1:08.36).
Igerilari donostiarrak zilarra lortu zuen proba honetan bertan Tokioko Olinpiar Jokoetan, eta atzoko urrearekin 2024ko Pariseko Jokoetarako txartela lortu du. Gaur 100 metro tximeletako proba jokatuko du Llopisek.
Astelehenean Nahia Zudaire Zubietako igerilaria munduko txapeldunorde geratu zen 400 metro libreko proban, eta Llopis bera bosgarren izan zen proba berdinean.