Asteburuan itsaso zabaleko jardunaldi bikoitza izango dute Hondarribian eta Lekeition

Euskotren eta Euskolabel ligak lehia oso estuan daude, eta arraunlariek asteburu garrantzitsua izango dute Hondarribian eta Lekeition. Larunbatean, Mapfre Sari Nagusia bandera lehiatuko dute Gipuzkoako kostaldean, eta igandean, aldiz, El Correo Ikurrinaren bila arituko dira Bizkaian; bi estropadak itsaso zabalean izango dira. Sailkapenei dagokienez, goiko postuetan puntu gutxiren bueltan hainbat talde daude. Nesketan, Donostia Arraun Lagunak lidergoan dago, 50 punturekin, eta mutiletan, aldiz, Urdaibai oso indartsu dabil, 99 puntu lortuta, Hondarribiari puntu bakarra aterata.
Larunbateko estropadan, orain arteko Euskotren ligako estropada guztien moduan, banderaren irabazlea aurreikustea oso zaila da. Donostia Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra ohorezko txandan izango dira, eta sei estropaden faltan ezinbestekoa dute akats gutxien egitea, goialdeko postuak ez galtzeko. Oriok Donostia Arraun Lagunak baino hiru puntu gutxiago ditu, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, Tolosaldeak eta Donostiarrak, 39 puntu lortu dituzte. Mutilei dagokionez, larunbatean Hondarribiko trainerua gogo handiz arituko da. Pasa den larunbatean, berdeen eta Urdaibairen artean banatu zituzten bi banderak. Zierbenaren eta Donostiarraren helburua estropada guztian zehar maila berean aritzea izango da, eta banderaren bila aritzea.
Igandean, Lekeitioko uretan izango dute estropada. Txandak oraindik zehaztu gabe daude, eta larunbateko denborak kontuan hartu beharko dituzte osatzeko. Lekeitioko estropada klubek egutegian gorriz markatua dute, eta azken urteetan ikusi izan den moduan, lehenengo postuen arteko denborak oso murritzak dira. Mutiletan, azken lau urteetan banderaren irabazlea Hondarribiaren eta Santurtziren artean egon da; nesken kasuan, iazkoa Oriorentzat izan zen.
Donostiarraren bigarren taldeak jardunaldi bikoitzeko asteburua du KAE 2 ligan. Larunbateko hitzordua Ondarroan izango dute, eta igandekoa, aldiz, Hondarribian. Soilik ligako lau estropada falta zaizkie denboraldia bukatzeko, hortaz, Hibaikarekin berdinduta duten laugarren postu horri eusteko lehia sekulakoa izango da hurrengo estropadetan.