Illarramendik Dallasen jokatuko du

Asier Illarramendi erdilari mutrikuarrak ekainean utzi zuen Reala, eta dagoeneko argitu da bere etorkizuna: Dallas taldean jokatuko du, MLS liga estatubatuarrean. Klubak jarraian ikus dezakezuen bideoaren bidez iragarri du fitxaketa:
The son of San Sebastián is coming stateside. #DTID | @illarra4 pic.twitter.com/e8tQB6Lhnv
— FC Dallas (@FCDallas) August 3, 2023
Illarramendi 11 urterekin iritsi zen Zubietara, eta 2010ean debutatu zuen lehenengo taldearekin, Elxen aurka, Martin Lasarte entrenatzailearen eskutik. Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu zen 2012-2013ko denboraldi historikoan jokalari oso garrantzitsua izan zen, eta Real Madrilera joan zen denboraldi hori bukatzean. 2015era arte izan zen talde madrildarreko jokalaria, baina ez zuen asko jokatu, eta 2015ean itzuli zen etxera, Realera.
Orain, bere ibilbidearen azken zatian, azken urteotan jokalari asko egiten ari diren moduan, MLSra doa. Izan ere, liga horretako taldeek jokalari entzutetsuak fitxatu ohi dituzte ikusgarritasun handiagoa izateko, eta dirutza ordaindu ohi diete jokalari horiei.