Lagun liburu denda omendu du PSE-EEk

Donostiako PSE-EEk Lagun liburu denda ezaguna omendu zuen ostegun arratsaldean, establezimenduaren itxieraren harira. “Lagun kultur erreferente bat da, baita askatasunaren eta erresistentzia demokratikoaren ikur bat ere, terrorismoaren aurrean”, nabarmendu zuen alderdiaren bozeramaile Marisol Garmendiak. Gogoratu behar da liburu dendak indarkeria politikoa pairatu zuela.
Era berean, Liburu dendako arduradun izandako Maria Teresa Castells, Jose Ramon Rekalde, Ignacio Latierro eta Elena Rekalderen “kemena” eskertu zuen Garmendiak. Omenaldiarekin batera, Mario Onaindia fundazioak argitaratzen duen Grand Place aldizkariaren azken alea aurkeztu zuten.
50 urtetik gorako ibilbidea
1968. urtean sortu zen Lagun, Maria Teresa Castellsen (1935-2017) ekimenez, Parte Zaharreko Plaza Berrian, eta ezaguna da, besteak beste, frankismoan zentsura jasan zuelako, eta 1990eko hamarkadaren amaieran, kale borrokako hainbat ekintza egin zizkiotelako egoitzari.
2000. urtean, ETA Castellsen senar Jose Ramon Rekalde hiltzen saiatu zen, eta, horren harira, liburu denda itxi egin zuten. Handik urtebete ingurura, 2001ean, Urdaneta kalean ireki zuten berriz, eta hor jarraitzen du gaur egun. Uda ostean itxiko zutela iragarri zuten uztailean.